Astekaria

Izaera propioa duen taldea

Erkuden Ruiz Barroso 2024ko urr. 2a, 12:04

Lakuntzako, Arbizuko eta Etxarri Aranazko bost lagunek Bulkada taldea sortu zuten duela urte bat inguru. Lau abestiz osatutako EP bat publikatu dute, eta hainbat kontzertu eman dituzte dagoeneko. Abesti berriak sortzen ari dira.

Ander Gasko, Peio Altzelai, Ander Cocera, Oihan Arana eta Aitzol Gantzarain Lakuntzako, Arbizuko eta Etxarri Aranazko lagunak duela urte bat inguru musika egiteko biltzen hasi ziren. Abeslaria, bateria jolea, baxu jolea, gitarra joleak dira, hurrenez hurren. Bostak adin beretsukoak dira, eta "betidanik" futbolean eta parrandatan elkartzen zirela esan du Gaskok, "bagenekien bakoitzak instrumentu bat jotzen genuela eta esan genuen: geldituko gara eta ea zerbait ateratzen den". Hasiera batean "gelditzeko eta denbora pasatzeko" gelditzen baziren ere, talde bezala eratzea erabaki zuten. Horrela sortu zen Bulkada taldea. 

Talde guztiei bezala hasiera batean "pixka bat kostatzen" dela esan du Altzelaik. "Gero proiektuak martxa hartu zuen. Seguruaski lehendabiziko boladan esaten baziguten, ez genuen pentsatuko hemen aurkituko ginela oraintxe bertan". Taldearen martxa "oso ongi" doala gaineratu dute musikariek. Lau abestiz osatutako EP bat kaleratu dute eta hainbat kontzertu eman dituzte. Hurrengoak Sakanan izanen dira; Olaztiko San Migel festetan Maisunea gaztetxean aritu ziren Mataperros eta Mandroll taldeekin, eta urriaren 4an, Zama. Azken doinuak etxerantz jaialdiaren aurkezpenean ere izanen dira, Etxarri Aranatzen, Mirari Martiarena bakarrizketalariarekin eta Ane Martija abeslariarekin. 

Bulkada sortu aurretik taldekideek musikaren munduan esperientzia bazuten. Musika eskolan egondakoak dira, Gasko Muga Zero taldean dago, eta Aitzolek ere taldeetan parte hartu du, besteak beste, Atzapar Rock taldean. Gasko: "Aitzol eta biok Lakuntzako musika eskolan ibiltzen ginen eta txikitatik musika egiteko gelditzen ginen. Anderri esan genion eta ondoren Peio eta Oihan deitu genituen". 

Historia

"Modu batez musikaren bitartez historia hori jakitea da gure helburuetako bat"

Bertsioak jotzen hasi ziren, eta behin taldeari bultzada ematea erabaki zutenean abestiak sortzea pentsatu zuten. Euskal Herriko eta Nafarroako gertakariak kontatzen dituzte, orokorrean. Altzelai: "Letrak irakurtzean Nafarroako gertakariak, historia eta abarretan oinarritu garela ikusten da. Gauza txukunak atera dira". Bateria joleak gaineratu duenez, gaur egun jendeak historioari buruzko "ideia asko ez du" eta taldearen helburuetako bat "modu batez musikaren bitartez historia hori jakitea" da. "Abestiak konposatu aurretik letretan esaten diren gauza asko ez genekizkien; bilatu dugu eta entzuleei erakutsi diegu". 

Mundua bukatzeraino, 11 irrintzi, Betiko argia eta Ukabil Estuak dira EP batean kaleratu dituzten lau abestiak, plataforma digitaletan entzun daitezkeenak. Abestian Irati Andueza piano joleak, Maddi Beltza pandero joleak eta Onditz Gantzarain abeslariak lagundu dute ere. Grabazioaren orduan "estudiora grabatzera joaten zarenean dena oso argi eta prestatuta izan behar duzue", azaldu du Altzelaik, eta zenbait talderekin aurretik esperientzia izateak lagundu zuen: "Martxan jartzen asko lagundu ziguten". 

"Abestiak grabatzeko, ateratzeko eta jendeari erakusteko gogoa genuen", esan du Gaskok. Gaur egun zenbait abesti solte grabatzen direla azaldu du, "disko handi bat egin beharrean". Kuadrillakoei eta gertuko lagunei erakusteko grabatu zuten, "eta gehiago ateratzeko motibatzen gaitu". Peio: "Ez dakit duela zenbat atera genuen, eta oraindik jarraitzen dugu begiratzen astero zenbat bisualizazio gehiago dituen. Oraindik motibazio hori dugu". Entzunaldiak oso ongi doaz: "Batez ere abesti bat dago indar asko hartu duena eta kontzertuetan jendeak abesten du. Horrek pila bat betetzen du". 

"Oi eta metal nahasketa moduko bat egiten dugu; desberditzen saiatzen gara"

Bulkada taldearen musika "nahasketa moduko bat" da. Oinarrian Oi estiloa egon daiteke, baina "izaera propioa" sortzen saiatu direla esan du Altzelaik. "Desberdintzen saiatzen gara, ez dugu egin nahi guztien berdina". Esaterako, Gaskok gaineratu duenez, zenbait taldekideri metala asko gustatzen zaie, "Aitzol adibidez heavya da eta gauza metaleroak sartzeko esaten diogu". Gitarraren desberdintasun horiek, "kaña" gehiago sartzea eta erritmo azkarrak gustatzen zaizkie.

Bulkada taldeak duela urte bat inguru eman zuen bere lehenengo kontzertua, Etxarri Aranatzen, bertako zenbait talderekin batera. "Hasiera batean kuadrillakoak eta lagunak ziren gehienbat, eta horrek motibatzen zaitu lehenengo lerroan ikusten dituzulako". Pixkanaka jende gehiago animatzen ari dela ikusi dute, "eta hori guretzako izugarria da. Animatzen gaitu", azaldu du abeslariak.

Kontzertuetan hainbat bertsio jotzen dituzte eta grabatu dituzten abestiekin tartekatzen dituzte. Errepertorioan beste abesti berriren bat badute, "baina ez dugu abusatu nahi ongi grabatu nahi dugulako". Altzelaik esan duenez, taldearen zuzenekoek ere "progresioa" izan dute. "Lehen abesti bat jotzen genuen eta gelditzen ginen, beste bat jo eta gelditu...". Orain abestiak segidan jotzen dituzte eta "beste mugimendu" bat sortzen dela gaineratu du; "beste profesionalitate puntu bat ematen diogu". Kontzertu asko emateari "alde txar" bat ikusten diote, eta da konposatzeko denbora kentzen dietela da. "Oreka hori bilatu behar dugu". 

Etorkizuna
"Talde batek garapen bat bilatzen duenean esaten badizu besterik gabe jo nahi duela, gezurra esaten dizu. Denak nahi dugu pixkanaka gora joatea, normala den bezala". Altzelaik gaineratu duenez abesti berriak ateratzea eta pixkanaka "gora" egitea da momentu honetan Bulkada taldearen helburua, Gaskok berretsi duena: "Oraintxe bertan gure intentzioa abesti berriak sortzen joatea eta proiektu berriak egitea da". Kontzertuetan eta haien musika entzuten "gure artean ibiltzen den jendeari" eskerrak eman nahi dizkiete.