Erregional mailako hirugarren jardunaldiak 7 puntu utzi ditu Sakanan.
Altsasuk Lekunberrin jokatu zuen Beti Kozkor B taldearen kontra, eta hasieratik partida bere alde jarri zuten altsasuarrek, 5. minuturako bi gol sartu baitzituzten Asier Claverrek eta Julen Floresek. Altsasuk dominatzen jarraitu zuen. Atsedenaldira 0-5eko aldeko markagailuarekin joan ziren gorritxoak, Julen Floresek beste bi gol eta Jon Lopez de Goikoetxeak bosgarrena sartu eta gero. Bigarren zatian joera berdinak jarraitu zuen, eta Unai Calvok, Aitor Augustok eta Jon Lopez de Goikoetxeak behin betiko 0-8a ezarri zuten.
Etxarri Aranatzek Barañainen jokatu zuen, Lagunak B taldearen kontra. Kasu honetan, lehia bizia izan zuten bi taldeek. Aimar Ijurrak Etxarri aurreratu zuen, baina berehala berdintzea lortu zuen Lagunak taldeak. 45. minutuan Jon Erdoziak Etxarriren bigarren gola egin zuen, eta abantaila oso ongi etorri zitzaien sakandarrei, bigarren zatia hasi eta berehala Oinatz Carreñok hirugarrena sartu baitzuelako. 1-3ko aldea partida bukaeraraino mantendu zuten etxarriarrek.
Lagun Artea taldeak Baztan B hartu zuen Zelai Berrin. Bi taldeen partida oso borrokatua izan zen, baina nahiz eta behin eta berriz saiatu, baloiak ez zuen kontrako atean sartu nahi izan eta, azkenean, husnako berdinketarekin despeditu zen partida.
Altsasu vs lagun Artea, derbia
Asteburuko gol festari esker, Altsasu atzera ere lider da (9 puntu), San Jorge bigarrenarekin puntutara berdinduta. Etxarri Aranatz hirugarren jarri da (7 puntu) eta Lagun Artea bederatzigarren da (5 puntu).
Erregional mailako laugarren jardunaldiak denboraldiko bigarren derbia ekarriko du. Altsasuk Lagun Artea hartuko du Dantzalekun, urriaren 6an, igandea, 16:00etan. Altsasuk lidergoari eutsi nahi dio, eta Lagun Arteak puntuak batzen jarraitu. Beraz, lehia estua aurreikusten da. Bestalde, Etxarri Aranatzek sailkapenean laugarren eta arerio zuzena den Rotxapea B taldea hartuko du urriaren 5ean, larunbata, 16:30ean, San Donato zelaian. Hirugarren postua dago jokoan.