Tokiko hedabideei buruzko mahai-ingurua Agurainen

Guaixe 2024ko irailaren 30a

Mahai inguruko une bat. UTZITAKOA

Aiaraldea eta Guaixeko ordezkariak izan ziren.

Herriko gertakariak, bitxikeriak, udal jarduerak eta beste jaso zituzten tokiko aldizkari bat, Sorginetxe, izan zuten Agurainen 1979 eta 2013 bitartean. Haren berri ematen zuen erakusketa Zabalarte kultur etxean ikusgai izan zen iraileko azkeneko bi asteetan. Erakusketaren osagarri, kultur etxean bertan, tokiko hedabideei buruzko mahai-ingurua antolatu zuten irailaren 28an. Bertan parte hartu zuten Txema Ramirez de la Piscina Martinez kazetari eta EHUko irakasle ohiak, Aiaraldeko Txabi Alvarado Bañares eta Guaixeko Alfredo Alvaro Igoak. Hogei bat herritarren aurrean hedabideen egungo egoeraz eta tokikoen errealitateaz hizketan aritu ziren. Aguraingo herriko tabernak 40 urte bete ditu aurten. Erakusketa eta mahai-ingurua urteurrenaren baitan kokatu ziren.