EDER Partzuergoa, TEDER Elkartea, Erdialdeko Garapenerako Partzuergoak eta Cederna-Garalur elkarteak garatuko dute lurralde arteko proiektua da "Herri gogotsuak, herri biziak". Cristina Bayona Perez Erdialdeko Partzuergoko koordinatzaileak azaldu duenez, "proiektua premia komun batetik sortu da: Foru Komunitateko landa eremuen kontakizuna berritzeko lankidetzan aritzea, bertan bizi diren gazteen pertzepzioetatik abiatuta”. Bestalde, Ruben Goñi Urrozek, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko zuzendari nagusiak, adierazi duenez, administrazioak horrelako proiektuen bidez bilatzen duena da, "Nafarroako landa eremuek dituzten indarrak eta aukerak ezagutaraztea da, beste pertsona batzuk landa ingurunera erakar ditzaketen esperientzia positiboetan oinarrituz eta horretarako landa-eremuko gazteen kontakizunak kontuan hartuz, horiek funtsezkoak baitira herriak bizirik eta aktibo egon daitezen".
Gazteen ikuspegia
Elena Fernandez Sanchez, EDER Partzuergoko tokiko garapen Aarloko arduradunak azaldu duenez, 18 eta 30 urte bitarteko zortzi gaztek osatutako "focus group" bat sortu da, hainbat profiletakoak eta Nafarroako landa eremu guztietakoak. "Haien ekarpenen bidez, landa eremuari buruzko kontakizun berri bat eraikitzen ari da, proiektu honen hurrengo pausoak" gidatuko dituena, komunikazio kanpaina bat barne", azaldu du Fernandezek.
Zein da kontakizun horren gakoa? Herriak ez dira lehen zirenak: hobeak dira. Orain hobekuntza nabarmenak dituzte konektibitatean, zerbitzuetan, kultura eskaintzan eta azpiegituretan, eta, horien ondorioz, herri batean bizitzeak ez dakar ezeri uko egitea, bizitzeko aukera bat baizik. Kontakizun bat berritzeak esan nahi du berriro kontatu behar dela, eta, beraz, proiektu hori oso sendo oinarritzen da komunikazioan. Alde batetik, 2025ean abiaraziko den publizitate kanpaina batekin, eta, bestetik, landa eragileak jasoko dituzten prestakuntzarekin.
Ibon Mimetza De Iralak, Cederna-Garalurreko gerenteak, adierazi duenez, "tokiko ekintza taldeetako langileak trebatzeko hainbat prestakuntza saio bideratu dira, bai eta politikariak eta erakunde horietako ordezkariak sentsibilizatzeko jardunaldiak ere. Hori guztia izendatzaile komun batekin: landa-eremua ikusteko eta kontatzeko modu berri horrek entitateek berek toki-garapenean lan egiten duten moduan ere kontuan izatea”.
Lau "Rural Fest" lastailean
Proiektuaren apustu nagusietako bat hainbat Rural Fest egitea da: doako ekitaldiak, besteak beste, tailer artistikoak eta kirol-tailerrak, produktuen dastatzea, zuzeneko musika-emanaldiak eta lurralde bakoitzeko gazteak buru dituzten negozioak eta elkarteak ikusaraztea eta konektatzea helburu duen azoka. Ekitaldiak foku taldearen eskutik diseinatu dira, baina landa eremuko herritar guztiei zuzenduta daude, komunitatearen topagune freskoa eta berritzailea izan nahi baitute. Rural Fest jaialdiaren lehen txanda 2024ko lastailean izango da.
Taldeek elkarte edo kolektibo bateko kide diren gazteak eta Nafarroako landa inguruneetan negozioak dituzten gazteak animatu dituzte Rural Fest azokan parte hartzera. Izena emateko epea zabalik dago eta informazio guztia cederna.eu/eus/ webgunean dago.
Jakinarazi dutenez, heldu den urtean beste lau Rural Fest ekitaldi egingo dira, baina horiez aparte, gazteen pertzepzioak jasotzeko eta landa eremuko kontaketaren berrikuntzan lan egin ahal izateko, badira beste ekintza batzuk ere proiektuan, esaterako: lurraldeko topaketa guneak, tokiko ekintza taldeen zereginari balioa emateko eta haur eta gazteak dinamizatzeko jarduerak. Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak 350.000 eurorekin finantzatu du egitasmoa.
Egutegia
Lastailak 18, ostirala
18:30 Untzuen.
Lastailak 19, larunbata
11:00 Vianan.
Lastailak 25, ostirala
18:30 Cintruenigon.
Lastailak 26, larunbata
11:00 Oibarren.