Erregional mailako laugarren jardunaldiak 6 puntu utzi ditu Sakanan.
Altsasuk goiko postuetan jarraitzen du Lagun Artearen kontrako derbian gailendu eta gero. Bi talde sakandarren arteko partida oso borrokatua izan zen. 17. minutuan Asier Claverrek eta 38. minutuan Unai Calvok sartutako golei esker atsedenaldira bi goleko errentarekin joan zen Altsasu. Bigarren zatia hasi eta berehala, 47. minutuan, Asier San Romanek Altsasuren hirugarrena sartu zuen, eta Lagun Artea jota utzi zuen. Aitor Augustok sartutako beste bi golekin Altsasuk Lagun Arteari puntilla jarri zion, eta Altsasuk 5-0 irabazita despeditu zen lehia.
Bestalde, Etxarri Aranatzek Rotxapea taldea hartu zuen San Donato zelaian. Lehen zatian nor baino nor lehiatu ziren bi taldeak, baina ez zen golik egon. Bigarren zatia hasi eta berehala, Mattin Altzelaik Etxarri aurreratu zuen, eta partida bukaera aldera bigarren gola sartu zuen Aratz Mariñelarenak, eta garaipena etxean geratu zen, 2-0.
Sailkapena eta datorrena
Sailkapenean San Jorge da lider berria (12 puntu) golaverageari esker, Altsasu bigarrenak puntu berberak baititu (12 puntu). Etxarri Aranatz hirugarren postuan dago (10 puntu) eta Lagun Artea hamabigarren postura jaitsi da (5 puntu).
Urriaren 12an Altsasuk Atarrabian jokatuko du, 18:00etan, sailkapenean zortzigarren den Beti Onak B taldearen kontra. Etxarri Aranatzek urriaren 13an hamaikagarren den Amaya izango du aurkari Iruñean, 19:00etan. Bukatzeko, Lagun Arteak sailkapenean zazpigarren den Universidad de Navarra B taldea hartuko du urriaren 12an, 16:30ean, Lakuntzako Zelai Berrin.