Haizeteak eragina izan du Sakanan

Guaixe 2024ko urr. 9a, 12:45

Lakuntzako istripua. FORUZAINGOA

Foruzainek makina bat irteera egin izan dituzte, tartean Altsasun eta Lakuntzan

Iragarrita zegoena betetzen ari da, eta haizeak gogor jotzen du bart gauetik. Foruzaingotik adierazi dutenez, makina bat irteera egin behar izan dituzte, tartean Altsasun eta Lakuntzan, haizeteak eragindako auto eta bestelako istripuengatik. Zuhaitz askotako arramak errepidera erori direla gaineratu dute Foruzaingotik. 

Lakuntzako Udalak, bestetik, baliabide propioak mobilizatu ditu hiru baserritarako sarbidea ematen duen  dermioko bide bat irekitzeko, eta programatutako anbulantzia batek ezin baitzuen haietara iritsi, paziente bat hartu behar baitzuen. Azkenik, haizearen abiadurari dagokionez, Aralarren 101,2 km/o gehienezko abiadura neurtu dute 10:10ean. 

Bestalde, Etxarri Aranazko Kale Nagusian ibilgailu batek 76 urteko emakume bat harrapatu eta zauritu du 10:25ean. Emakumezkoak hainbat kolpe ditu. Ezbeharraren lekura osasun etxeko zaintzako medikua eta erizaina joan dira. Ondoren, ospitalera eraman du oinarrizko bizi-euskarriko anbulantzia batek. Foruzaingoa arduratzen da ezbeharraren ikerketaz.