Europan dugun saien familiako kide txikiena da, 150 cm-ko hego-hedadura dauka. Ale helduek kolore kontraste oso markatua erakusten dute, gorputz zuri eta hego beltzak. Agian espezie honen atal bereizgarriena burua da, aurpegi hori bizi, moko kurbatu eta gandor motz bat erakusten duelarik. Ale gazteak berriz, kolore ilun apalagoekin janzten dira. Hegaldi oso zuzenak egiten dituzte eta korronte termikoak aise erabiltzen dituzte energia aurrezteko.
Normalean bakarrik hegan ikusten den espeziea da, zenbaitetan sai arreekin hegan egiten ikus daitezke.
Animalia sarraskijalea da baina intsektu zein narrasti edo anfibio txikiak harrapatzeko gaitasuna du. Hegazti azkarra da, 90. hamarkadan Felix Rodriguez de la Fuente dokumentalistak ospea eman zion haien dokumental bat publikatu ondoren. Bideo horretan, animalia hauek harriak erabiltzen ikusi ahal genituen ostruka arrautzak apurtzeko asmoarekin.
Fama lortu zuten bai, hala ere, espeziearen gainbehera oso nabaria eman zen. Abeltzaintza estentsiboarekin oso erlazionatutako espeziea denez oso erraz pozoitu ahal ziren.
Gaur egun, espeziea babestuta dago eta hauen populazioa hobera doa. Sakanan animalia hauek ikusteko aukera dugu hainbat bikote gure haraneko harkaiztietan kumatzen baitira.
Sai zuriak martxo hasieran iristen dira gurera. Espezie migratzailea da eta negua Afrikan ematen du. Negu amaierarekin batera neguko kuartelak uzten dituzte eta iparraldera bidaiatzen dute. Urtero, otsaila amaieran edo martxoa inguruan Sakanako Mankomunitateko Hondakin Zerbitzuko lankide ohien mezuaren zain egoten naiz. Afrikatik iritsi bezain pronto Arbizuko Transferentzia Gunetik pasatzen dira bazka errazaren bila. Sai zurien aurretik miru beltzak (Milvus migrans) agertu ohi dira, baina zalantzarik gabe, poztasun handiena ekartzen duen etorrera gure protagonistarena da. Espezie karismatikoa eta Hondakin Zerbitzuak bere ikono/irudi bezala hartu du BerrURAbili lelopean.
Sai zuriak Sakanara iritsi eta aste gutxitara lurraldea finkatu eta ugalketari hasiera ematen diote. Harkaiztietako gandorretan lehen kopulak apirilean ikus daitezke. Garai frenetikoak dira kabia ere prestatu behar dutelako. Honetaz gain, lurraldea defendatzen energia asko kontsumitzen dute. Normalean aurreko urteetako kokapenak erabiltzen dituzte kabia ezartzeko, hau, makil zein beste materialekin txukuntzen denbora luzea ematen dute.
Emeak arrautza bat edo bi jartzen ditu. Hauen inkubazioan bi gurasoek parte hartzen dute. 42 egunen ostean txitak jaiotzen dira.
Aralarren zein Urbasa-Andian azienda asko egoten da udako larreak probestuz. Abeltzaintza estentsiboa mantentzea ezinbestekoa da habitat berezi batzuk mantentzeko eta sai zuria bezalako espezieei fabore egiteko. Sakana ingurune ezin hobea da alde horretatik, iparralde zein hegoaldean abereen sarraskiak topa ahal direlako sai zuriaren ugalketa garaian. Honetaz gain, mendebaldetik ekialdera, hau da, Ziorditik Irurtzunera haranaren bi aldeetan garrantzia duten harkaiztiak ditugu. Hauek espeziearen bizi-zikloan funtsezkoak dira bertan ugalketa ematen delako.
Sai zuria Kaltebera mehatxu kategorian sailkatutako espeziea da. Gaur egun pozoiaren mehatxua asko murriztu da. Ale gehiagok bizitza galtzen dute linea elektrikoetan elektrokutatuta edo pestizidek kutsatuta. Era berean, geroz eta zale gehiagok espeziearentzat funtsezkoak diren harkaiztietan kirola egiten dute. Kirolzale hauek, katalogatutako espezie hauen ugalketaren porrota ekar dezakete kabietatik oso gertu ibiltzen badira. Harkaizti hauen aisialdirako erabilera erregulatuta dago, beraz, horren inguruko araudia aurretik ikusi eta ikasita izan behar da.
Une honetan Sakanako zeruetan ez ditugu ikusiko, duela hilabete eskas ale helduek zein aurten jaiotako gazteek Afrikarako bidea hartu dute. Urte erdi inguru itxaron beharko dugu hauen silueta berezia berriz ikusteko. Negu amaieran, urtero bezala, Utzubarko EKO gunetik datorren mezuaren zain egongo naiz. Ez dut zalantzarik, bueltan izango dira!