Aukera faltako egoerak, aukera testuinguru bihurtzen lan egiten du Ilundain Haritz Berri fundazioak. Hainbat esparruetan egiten du hori, baina Sakanan, Altsasun duen bulegoan langabeen lan orientazioan aritzen da Karlos Flores Mendinueta lan orientatzaileak
Zer da Ilundain Haritz Berri fundazioa?
Fundazioa 80ko hamarkadan sortu zen. Garaiko krisialdia zela eta, egoera soziala oso txarra zen, saiatu ziren, gehienbat, gazteak laguntzen; egoera txarrean zegoen jendeari hezkuntzan sartzen, trebatzen, haien egoera larria pixka bat zuzentzen, sozializatzen eta berriro gizartean sartzen laguntzen zien. Hori zen hasierako ideia. Burlatan sortu zen. Egitasmoa handitzen ari zela ikusita, geroen eta lan gehiago zutela, Arangurengo Ilundain herrian egoitza zabaldu zuten. 1984tik edo han du egoitza. Gaur egun Ilundain Haritz Berri fundazioak hainbat programa ditu: prestakuntza, gizarteratze programak, lorezaintza enpresa du ingurumen kudeaketa egiteko, zurgintza eta azken urteetan lan orientazio zerbitzua ere.
Burlatan hasi, Ilundainen segi... Orain Nafarroa guztian barna dago?
Bai. Fundazioaren programa guztiak Nafarroa guztira zabaltzen dira.
Altsasun noiztik dago?
Duela sei urtetik. Nafar Lansarek lan orientazio zerbitzua zabaldu egin zuen, eta fundazioa beraiekin lanean hasi zen. Hasieran, aurreneko bi urteetan, 2017an eta 2018an, Intxostiapunta gazte gunera astean behin etortzen ginen. Baina lan orientazio zerbitzuaren eskaera gero eta handiagoa zen. Nafar Lansareren agentzia bat dagoen herrietan lan orientazio bulego bat zabaltzera behartu zuen gobernuak. 2018az geroztik gaude zerbitzua eskaintzen.
Beraz, zuk lan orientazioa eskaintzen duzu?
Bai. Berez, lan orientazio zerbitzua Nafar Lansareren zerbitzua da. Baina Nafar Lansarek zerbitzu hori emateko beste erakunde batzuk kontratatzen ditu 2017az geroztik. Nafar Lansarek lan orientazio zerbitzua hainbat lotetan banatzen du: ezgaitasuna duten pertsonak laguntzeko, egoera larrian dauden pertsonak laguntzeko eta, azkenik, lana bilatzen ari diren pertsona arruntak laguntzea. Azken horretan aritzen gara hemen.
Nafar Lansarek zergatik azpikontratatzen du lan orientazio zerbitzua?
Jendea askotan nahastu egiten da. Edo guk hots egiten diegunean esaten du: "baina ni enplegu bulegoan lan bila egona naiz". Pixka bat azaldu behar diezu nor zaren, zergatik hots egiten diozun... azalpenak eman pertsona kokatzeko. Zenbait kasutan bikoiztu egiten da, baina, normalean, ez.
Zer da lan orientazio zerbitzu bat?
"Langabezian dagoenari lana bilatzen laguntzera bideratuta dago zerbitzua; pertsonalizatutako ibilbide bat prestatzen dugu, lan helburuak lor ditzan"
Nafar Lansareren zerbitzu hori bideratuta dago langabezian dagoen pertsonari lana bilatzen laguntzera. Hori da helburu nagusia. Pertsonei lan orientazio zerbitzua eskaintzeko lehenik, jakina, lehen elkarrizketa bat izaten dugu. Horrela, lan ikuspuntutik, pertsona horren beharrak zein diren ezagutzen ditugu. Baita prestakuntza aldetik ere. Pertsonaren diagnosia egiten dugu eta, horren arabera, baloratzen dugun zertan lagun dezakegu. Hala, pertsona horren lan egoera edo lana opatzeko aukerak hobetzeko zertan lagundu dezakegun zehazten dugu. Pertsonalizatutako ibilbide bat prestatzen dugu, haren lan helburuak lor ditzan.
Helburu horiek lantalde batek zehazten ditu?
Normalean, aholkularitza pertsonalizatua da. Nafar Lansarek guregana pertsona mordo bat bideratzen ditu astean zehar. Aurretik, pertsonek Nafar Lansaren gaztigua jasotzen dute: "Ilundain Haritz Berri fundaziotik hots eginen dizute, zurekin elkarrizketa baterako hitzordua lotzeko". Lehen elkarrizketa horretan diagnosia egiten da. Horren arabera, zehazten dugu pertsona hori nola lagunduko dugun. Prestatzen diegun ibilbidearen barruan helburuak lortzeko pertsona horrendako egin beharreko ekintzak zehaztuta daude. Esaterako, curriculum vitae-a egiten lagundu, lan gaitasunak eta pertsonalak garatzeko zer tresnak erabili behar ditugun, lana bilatzeko zer tresna erabiltzen dituen, nola erabiltzen dituen, prestakuntza aldetik dituen beharren arabera Altsasun dagoen eskaintzaren berri eman, helburuak lortzeko zein prestakuntza den egokiena azaldu... Bulegoan ere tailerrak egiten ditugu. Tailerrak prestakuntzako pilula txiki batzuk dira, esate baterako: curriculum-a nola egiten den erakusteko; Internet bidez non bilatzen den lana, non bilatu behar den; Sakanako lan egoera nola dagoen, zein lan eskaintza dauden eta enpresek eskaintzen dituzten lan profilak nolakoak diren... Pertsonaren profil hori pixka bat bideratu Sakanako edo inguruko lanpostuetara.
Trebatzeko baliabideak Nafar Lansarek jartzen ditu?
Beraiek edo guk. Nik bulegoan antolatzen ditudan tailerrak txikiak dira, lauzpabost pertsonendako. Baina tresnak, berez, Nafar Lansarerenak dira. Edo lana bilatzeko gehien ezagutzen diren tresnak.
Horretan beste erakunderen batzuekin elkarlanean aritzen zarete?
Nafar Lansarek, esaterako, Incorpora programa du, gehien bat Iruñea aldean. Beste entitate batzuekin harremanetan egiten dira zenbait programa egiteko. Hasieran aipatu dizut Nafar Lansarek lan orientazioa lotetan zatitu duela. Beste erakunde batzuekin mankomunatuta dago. Esaterako, ezgaitasunaren lotean parte hartzen dute.
Bulegora etorri diren pertsonen jarraipena egiten duzue?
Hasieran markatutako helburuak lortu arteko jarraipena egiten dugu guk. Lan orientazio zerbitzua zerbitzu pertsonalizatua da, eta bakoitzak behar batzuk ditu, horregatik, bakoitzari behar dituen tresnak proposatzen zaizkio. Ez da denendako planteamendu bera izaten, bakoitzak behar batzuk ditu eta behar horien araberako ibilbidea zehazten da. Batzuetan luzea da, motza besteetan. Kasu batzuetan pertsona batek bizpahiru hitzordu behar ditu helburuak lortzeko. Eta beste batzuek jarraipen luzeagoaren premia dute. Beraren eta nire artean erabakitzen dugunean tresna horiek hobetu direla, jarritako helburuak bete direla eta lana lortzeko aukerak dituela ikustean, askotan lana lortzen da, normalean orientazio hori ixten da. Azken finean, helburu nagusia da pertsona horrek lana bilatzea edo lanak lortzeko dituen tresna horiek hobetzea.
Helburuak zeinek markatzen ditu, zuk? Edo elkarrekin eginen genuke?
Normalean, elkarrekin eginen genuke, bai. Azkenean, bien arteko kontu bat da. Eta ez bakarrik Nafar Lansarek bideratzen dizkigun pertsonekin. Askotan hemendik, kaletik, pasatzen den jendea, atea jo, sartu eta curriculum-a egiten edo prestakuntza bilatzen lagunduko ote diodan galdetzen du.
Geroz, aukera hori ere badago: atean jo eta sartzekoa?
Bai, goiz guztia zabalik egoten da. Hartzen ditudan pertsona gehienak Nafar Lansarek bideratutako pertsonak dira. Baina bada jendea, bai, pasatzen dena eta jakin-minez, bakarrik sartzen dena: "aizu! Zer egiten duzue hemen?" Edo "lan bila nabil". Edo "bada ikastarorik?" Bakoitzaren arabera. Kaletik sartzen diren pertsonei zerbitzua eskaintzen zaio, baina prozedura bat jarraitu beharra dugu. Hori bai, bai edo bai langabetu gisa izena emanda egon behar dute.
Nori zuzenduta dago?
"Nafar Lansarek zein pertsona bideratuko dizkigun zehazteko irizpide batzuk ditu"
Denetariko pertsonak hartzen ditugu. Denboraldiak izaten dira. Adinari dagokionez, esaterako, langabezian dauden 18 eta 55 urte arteko pertsonak, emakumezkoak eta gizonezkoak. Hona bideratzeko garaian Nafar Lansarek ez du bereizketarik egiten. Esaterako, jakinarazten diet 30 lagun behar ditut. Beharraren arabera hona bideratzen dizute. Nafar Lansarek zein pertsona bideratuko dizkigun zehazteko irizpide batzuk ditu.
Zuenetik urtean jende asko pasatzen da?
Bai, asko. Ez dakit kopurua, horiek Iruñean kontrolatzen dituzte. Baina, bai, jende asko pasatzen da. 700 lagun pasako dira, 800 akaso ere. Normalean, uda partean mugimendu gutxixeago egoten da. Baina uda aurretik eta ondoren mugimendu handia izaten da.
Sakanako sozio-ekonomia errealitatearen isla bulegotik pasako zaizu, ezta?
Hala da. Egoerak asko dira, eta oso-oso desberdinak adinaren, pertsonaren prestakuntzaren edo lan esperientziaren arabera. Kontuan izanik guk bulegoan hartzen ditugun pertsonak langabezian dagoen jende arrunta dela, egoerak ez dira larriak. Beste urte batzuetan hemen hartu izan ditugu gizarte bazterketa bizi zuen jendea. Haien egoera askoz ere larriagoa da. Hemen hartzen ditugunen artean nahiko larria den kasuren bat edo beste ezagutzen duzu: langabezian bizpahiru urte egin dituenak eta larrituta dago. Edo prestazioak bukatu zaizkio. Edo prestakuntza aldetik oso eskas dabil eta lana bilatzeko garaian arazo handiak dituela, gaur egun lanpostu baterako asko eskatzen delako. Denetarik.
Jendea zein jarrerarekin etortzen da?
Egoerak asko dira. Etortzen den jendearen jarrera nahiko ona da. Hots egiten diegunean jende gutxi ukatzen da hona etortzera. Bi baldintza daude. Prestazioa jasotzen duten langabetuak, bai edo bai, behartuta daude parte hartzera, edo, gutxienez, behin etortzera, aurreneko elkarrizketa bat izateko. Hori prestazio bat jasotzen dutelako da. Lan eskaintza bat bidaltzen dietenean curriculum-a eta abarrera behartuta dauden bezala. Bestetik, prestaziorik jasotzen ez duten pertsonak daude. Horiek, berez, ez daude behartuta parte hartzera. Baina, orokorrean, jendearen partetik jarrera positiboa dago. Gutxienez lehen elkarrizketara etortzen da. Ikusten duenean lagundu behar diozula, jendeak ere eskertzen dizu. Azken finean, bakoitzaren beharren arabera izaten da. Batzuek lana opatzeko premia handia dute. Jende askok ez daki Internet nola erabiltzen den lana opatzeko garaian, edo lana bilatzeko garaian konfiantza falta handia du. Gero, historikoki, jendea ohituta dago bere kabuz lana bilatzera. Zuk zerbitzua eskaintzen diozunean, bai, baina beno. "Ni mugituko naiz". Badira pertsona batzuk hots egiten diezunak eta esaten dutenak ez dutela behar, ez zaiela interesatzen, lana bilatzeko garaian beraiek nahikoa autonomoak direlako. Askotan jendea elkarrizketara etortzen da eta nik, teknikari gisa, erabakitzen dut pertsonak ez duela behar lan orientaziorik, nahikoa autonomo delako edo lana opatzeko edo bere egoera bilatzeko baliabideak dituelako. Orokorrean, jendea oso positibo eta poliki etortzen da zerbitzura.
Ekonomiaren egoerak dena baldintzatuko du, ezta?
Bai. Sakanan, gehienbat, egiturazko langabezia bat dago. Badira momentuak, lantegi bat ixten denean, esaterako, jendea etortzen da. Ez da halako eskaera handirik izaten ere. Baina, bai, gorabeherak izaten dira. Eta momentu txarrak ere bai.
Hona etortzeko lotsa duenak, zergatik etorri beharko luke?
Pertsona horrek jakin behar du gu bera laguntzeko prest gaudela, bai lana bilatzen, bai bere egoera hobetzen. Gure helburu nagusia pertsonak laguntzea da, pertsonek lan helburuak lortzea. Lotsa hori galdu egin behar dute. Lotsa badute ere, lasai egon behar dira. Hemen ateak zabalik ditugu eta beti laguntzeko prest gaude. Horretarako gaudela jakin behar dute. Horretarako zerbitzua gara.
Fundazioaren eskaintza
Bigarren aukerako eskola
Nafarroako bakarra, prestakuntza eta lan merkatu aurreko programak eskaintzen ditu 15 eta 30 urte bitarteko gazteendako. Pertsonalizatutako ibilbideetan oinarritutako pedagogia modeloa du. Parte hartzaileek Profesionaltasun Ziurtagiriak lor ditzakete. Gainera, enpresekin harremanetan jartzen dituzte. Helburua da parte hartzaileak Hezkuntza sistemara bueltatzea, edo lan merkatuan sartzea.
Lan inklusioa
Enpresen beharretara egokitutako akonpainamendua eta prestakuntza lan orientazioaren bidez. Nafar Lansareren kolaboratzaile nagusia da.
Lan sartze enpresa
Lorezaintza eta zurgintza lan profesionalak egiten dituen enpresa da. Gizarte bazterketa egoeran dauden pertsonak hiru urterako kontratatzen ditu. Hainbat erakunde publiko, enpresa eta partikularrendako lan egiten du.
Gizarte inklusioa
Babesgabetasun egoeran dauden adin txikikoen eta gazteen arreta programak. Hainbat egoitza ditu. Egoitzetan hartzeaz aparte, emantzipazio eta aholkulari programak ditu.
Ingurumena
Fundazioaren jardunaren zeharkako baliabidea da. Trebatzea eta lan munduan sartzea errazten du. Gainera, ikastetxeei, familiei, adinekoei eta bestelakoei zuzendutako programak dituzte.
Harremanetarako:
629 566 992
orientacion17@fundacion-ilundain.com