Federacion Vasco Navarra de Alpinismoren (FVNA) mendeurreneko ospakizunetan zaudete oraindik.
Bai, eta urriaren 13ko Euskal Herriko Erdigunera Ibilaldia ospakizun horietan kokatu dugu. Beraz, igandean bertara, Sakanara, hurbiltzeko deia egin genuen. Ildo honetan, Nafarroako Mendi Federazioaren eta Euskal Mendi Federazioaren arteko sintonia erabatekoa da. Bion artean lan taldea antolatu dugu mendeurreneko ekitaldiak antolatzeko, eta bide berean goaz, sortu berri dugun Euskal Herriko Mendi Biltzarrak erakusten duen bezala.
Zein izango da Euskal Herriko Mendi Biltzarraren egitekoa?
Bi mendi federazioek sortu dugu, elkarrekin zenbait ekitaldi eta txapelketa antolatzeko: Euskal Mendizaleen Gala, Besaideko Oroimen Eguna, Euskal Herriko Erdiguneko Ibilaldia, abenduko Aralarko Mendigoizale Eguna... Elkarlanean pausoak ematea da helburua.
Zer moduz joan dira mendeurrenaren harira antolatutako ekitaldiak?
Oso ongi, erantzun masiboa izan dute, erakusketak, Euskal Herriko zazpi gailur altuenen igoerak eta 100 mendi igoerak bereziki. Elgetako maiatzeko ekitaldi instituzionala ere pozgarria izan zen, baita Erdiguneko Ibilaldia ere. Pyrenaicako mendeurreneko monografikoa, bukatzear dagoen dokumentala eta Mendi Film Festibaleko omenaldia geratzen zaizkigu, festibalak bi mendi federazioak omenduko dituelako. Urrian Euskal Mendizaleen Gala izango da, eta abenduaren 22an, Mendigoizale Eguna Aralarren.