Atletismoa

Maite Beregaña Orreaga-Zubiriko podiumean, eta Sergio Garcia de Eulate atean

Guaixe 2024ko urriaren 10a

Maite Beregaña, ezkerrean, Ana Perez de Ziriza txapeldunarekin eta Adrielle Roza bigarrenarekin. IÑAKI PORTO

Dortsala zuten 1.000 korrikalarien artean Top-5ean sailkatu ziren bi korrikalari sakandarrak

Urriaren 6an jokatu zen XVII. Orrega-Zubiri Maratoi Erdia. Aurten ere errekorrak apurtu zituen Donejakue bidean Orreaga eta Zubiri batzen dituen 21,300 km-ko lasterketak. Antolakuntzak salgai jarritako 1.000 dortsalak agortu ziren, eta, eguraldia lagun, lasterketa paregabeaz gozatu zuten. Tartean makina bat sakandarrek parte hartu zuten proban. 

Irabazlea Hodei Lujanbio goizuetarra izan zen (1:19:44), baina ezin izan zuen joan zen urtean Xabier Maciasek ezarritako errekorra apurtu (1:17:55). Ordu batzuk lehenago Iparraldeko proba batean aritu zen goizuetarra, eta pozarren zegoen. Bigarrena Jon Ridruejo izan zen (1:212:01), hirugarren Asier Gutierrez (1:24:12) eta laugarren, eta podiumera sartzear, 3 segundo eskasengatik, Sergio Garcia de Eulate altsasuarra (1:25:15). 

Emakumezkoetan lehia estuagoa izan zen. Ana Perez de Ziriza 25 urteko atleta gaztea gailendu zen (1:42:41). 22 segundo atera zizkion bigarren sailkatutako Adrielle Rozari (1:43:03), eta 36 segundo hirugarren sailkatutako Maite Beregaña uharte arakildarrari (1:43:17). Perez de Zirizak ez zuen Laura Solak duen errekorra gainditu (1:27:33). 

 

 

Argazkiak: IÑAKI PORTO (Diario de Noticias).