Futbola

Altsasuren eta Lagun Artearen garaipena eta Etxarri Aranatzen berdinketa

Guaixe 2024ko urr. 15a, 10:45

Lagun Artea taldea.

Erregional mailako bosgarren jardunaldiak 7 puntu utzi ditu Sakanan

Erregional mailako bosgarren jardunaldiak bi garaipen eta berdinketa bat utzi ditu Sakanan.

Altsasuk garaipenaren xendan jarraitzen du, eta urriaren 12an Atarrabian jokatutako partidan 3-6 irabazi zion Beti Onak B taldeari. Altsasuarrak hasieratik hartu zuten aurrea eta atsedenaldirako 0-3 aurreratu ziren Jon Lopez de Goikoetxeari, Unai Calvori eta Mikel Etxaizi esker. Bigarren zatian Beti Onak 2-3 hurbildu zen, baina Altsasuk Atarrabiako taldeari ez zion aukera gehiago eman nahi izan eta partida bukaera aldera Unai Calvok, beste bi golekin –hat trick ederra lortu zuen–, eta Eneko Verak 2-6 aurreratu zuten Altsasu. Beti Onak taldeak azken unean hirugarrena sartu zuen, eta 3-6 despeditu zen lehia. 

Etxarri Aranatzek Iruñean jokatu zuen, Amaya taldearen kontra. Lehen zatian lehia bizia izan zuten bi taldeek. Amaya 2-0 aurreratu zen, baina Etxarri Aranatzek ez zuen etsi, eta Mattin Altzelaik lehenengo, eta Oinatz Carreñok ondoren, bina berdindu zuten eta puntu bateko saria ekarri zuten Iruñetik. 

Lagun Arteak Universidad de Navarra B taldea hartu zuen Lakuntzako Zelai Berrin. Norgehiagoka estuan, lehen zatian Iker Anduezak Lagun Artea aurreratzea lortu zuen. Bigarren zatian bide beretik jarraitu zuen partidak, baina bukaera aldera Iker Anduezak beste bi gol sartu zituen, hat tricka lortuz. Azkeneko bi jardunaldietan galdu eta berdindu ondoren, 3-0ko garaipenak zapore berezia izan zuen. 

Sailkapena eta datorrena
San Jorgek jarraitzen du erregional mailako lider (15 puntu) golaverageari esker, Altsasu bigarren baita puntu berberekin. Etxarri Aranatz laugarren postura jaitsi da (11 puntu) eta Lagun Artea zazpigarren postura igo da (8 puntu). 

Urriaren 19an Altsasuk sailkapenean bosgarren den Lagunak B taldea hartuko du Dantzalekun, 15:30ean. Etxarri Aranatzek, aldiz, San Jorge liderra hartuko du urriaren 20an San Donato zelaian. Azkenik, Lagun Arteak Sanduzelain jokatuko du urriaren 20an, 19:00etan, sailkapenean hamabigarren den Arga Ibaia taldearen kontra.