Sakanako Mankomunitateak Nafarroako beste 22 toki entitateetako euskara zerbitzurekin batera haurrendako album ilustratuak sortzeko Etxapere Saria antolatzen dute. Ekainaren 26an iragarri zuten Maite Rosenderen eta Nerea Ariznabarren Mamuki obra zela 2024ko irabazlea, eta orain Pamiela argitaletxeak argitaratu du. Liburuaren aurkezpenarekin batera 2025ko Etxapare Sariari hasiera eman diote.
Mamuki beldurrari buruzko album "umoretsua" da: "Gau Beltza da, eta mamuek sustoak eman behar dituzte, ingurumarian ikara eragin beharra daukate. Baina mamu txikia gaixorik dago eta hainbat pertsonaia beldurgarri saiatuko dira hura osatzen eta sendatzen: banpiroa, zonbia... Edo gertuago ditugun Zakuzahar edo Otsoko". Baina alferrik da, Mamuki ez da sendatzen. "Zer egingo du Mamukik Gau Beltza ospatu ezinik?". Txakur jolasti bat Mamuki sendatzen saiatuko da, etxeko agertoki "minimalista" batean. Apaindura gutxiko etxean osagai bakoitzak "sinbolismo handia" erakusten du: "erlojuak eta ilargiak, batik bat".
Narrazioa paralelismoetan eta hitz jokoetan eraikia dago, erritmoa eta errima erabiltzen ditu eta haurrei oso gertukoa eginen zaiela jakinarazi dute Etxepare Sarietatik, "barrea eraginen du ustez beldurra nagusi den kontakizunean". Testua beldurrari buruzko gogoeta jostagarria bilakatuko dela gaineratu dute.
Erritmo eta errima horiexek ilustrazioen ezaugarriak dira, "benetan samurrak eta maitagarriak, dibertigarriak eta ganberroak". Horregatik, aurkezpenean azaldu dutenez, testuaren eta ilustrazioaren arteko uztarketa "aparta" da. Irakurlearengan "irribarrea eta konplizitatea" pizten dutela gaineratu dute, "eta orrialdeetan atzera egiteko gogoa, lehen begiratuan ikusi ez ditugun xehetasunak bilatzeko, ludikotasuna eta adiskidetasuna aldarrikatzeko".
Egileak
Maite Rosende Gutierrez da Mamuki liburuaren ilustratzailea. Bartzelonan pintura muraleko goi mailako gradu bat eta ilustrazioa ikasi zituen; ondoren, hainbat diziplina artistikotan trebatzen jarraitu zuen, baita diseinu grafikoan, argazkigintzan eta bideo edizioan ere.
2024ko Etxepare Sariko lan irabazlearen idazlea Nerea Ariznabarreta Izkue da. Aitak ipuinak eta elezaharrak asmatzen zizkion eta amak ipuinak kontatzen zizkion, pertsonaiei ahots ezberdinak jarriz eta kantuak asmatuz; nahasketa horretatik atera zen narratzailea eta antzerkigilea.