Suhiltzaileek tximinia suteen eraginez 83 esku hartze egin zituzten joan zen urtean. Altsasuko parkeko suhiltzaileek horregatik hamabi bat alditan atera behar izan zuten, hau da, Nafarroako suteen %14,45 Altsasuko parkekoek itzali zituzten. 2022 urtean suhiltzaileak 63 tximinia sute itzaltzera atera behar izan zuten. Haietako hamalautan Altsasuko suhiltzaileak izan ziren lan egin behar izan zutenak, Nafarroan izandako esku hartzeen %22,22 egin zituzten Altsasuko parkeko suhiltzaileek. Zerbitzutik gaztigatu dutenez, tximinia sute gehien udazken akaberan eta neguan izaten dira.
Halako gorabeherarik gerta ez dadin, Suhiltzaile Zerbitzuko arduradunek gogorarazi dute oso garrantzitsua dela profesionalak kontratatzea horrelako instalazioak eraikitzeko edo eraberritzeko. Horrela, obra behar bezala egingo dela bermatuko da, tximiniaren tiroak berotik behar bezala isolatuta egon behar duten forjatuak eta estalkiak zeharkatzen baititu. Bestela, etxebizitzak sute arrisku handia du. Era berean, gaztigatu dute erabilitako etxebizitza bat erosten bada edo instalazioa berritzen bada, garrantzitsua da tximinia behar bezala isolatuta dagoela eta araudia betetzen duela egiaztatzea.
Aldizkako mantentze lanak
Egurrak, su hartzean, aerosol batzuk kanporatzen ditu, eta horiek tximiniaren tiroan metatzen dira, kreosota izeneko mundrun itxurako zolda bat sortuz. Zolda hori oso lodia bada, goritu eta erre egin daiteke. Izan ere, hori izan ohi da mota horretako suteen arrazoi ohikoena.
Hori saihesteko, tximinitik aldizka kedarra kentzea gomendatu dute. Gutxienez urtean behin, egunero erabiltzen bada, eta, gutxienez, bi edo hiru urtean behin, maiztasun txikiagoarekin egiten bada, bigarren etxebizitzen kasuan bezala. Lan horiek, berriz ere, profesionalek egin behar dituzte, altuerako lanak baitira.
Erabilera egokia
Tximiniaren erabilera egokia egur gainkargak saihestuz hasten da, eta egur lehor eta gogorrak erabiliz, esaterako haritz, arte edo pagoarenak, tiroan bero gehiago eta mundrun gutxiago metatzen baitute egur bigunek baino, besteak beste pinu edo txipu egurrak.
Gainera, instalazioaren inguruan segurtasun eremu bat sortu behar da, sutatik bi metro baino gutxiagora material erregairik jar ez dadin; eta estalkidun tximiniak erabili behar dira txinpartak edo zoladurak ez jauzi egiteko. Era berean, garrantzitsua da gela etengabe aireztatzea eta sua erabat itzaltzen dela ziurtatzea, batez ere, bigarren etxebizitza batetik joan aurretik edo oheratzean.
โน๏ธ 10 aholku tximiniak behar bezala erabiltzeko ๐ง๐ป๐๐ง๐ป๐๐
— Bomberos y Bomberas – Suhiltzaileak (@bomberos_na) October 11, 2024
๐ Su-detektagailu bat ezarri
๐ฅ Ez jolastu suarekin, gozatu harekin โผ๏ธ
๐ป Gehiago๐๐ปhttps://t.co/2Bquk6SGhR pic.twitter.com/zu0vP2hUPc
Gainera, sute detektagailu bat behar bezala instalatzea gomendatu dute, sute baten hasiera garaiz detektatzeko arreta neurri bikaina baita.
Azkenik, Nafarroako Gobernuak gogorarazi du, neurri guztiak hartuta ere, kea edo sua ikusten bada, 112 telefonora hots egin behar dela berehala. Hots egin ondoren, tximinia itzali behar da, eta, detektatu duen pertsona gai sentitzen bada, sua itzaltzen saiatu behar da suhiltzaileak iristen diren bitartean, baina beti arriskuan jarri gabe.