AHT ibilbide proiektua

Estatuak AHT zundaketak egiteko lursailen "aldi baterako okupazioak" egin asmo du

Guaixe 2024ko urr. 22a, 09:30

Jose Antonio Santano, Estatuko Garraio Idazkaria, Oscar Chivite, Lurralde Kohesiorako kontseilariarekin. NAFARROAKO GOBERNUA

Zundaketak Iruñea eta Altsasu artean eta Aralarren eginen lituzke, eta horien araberako erabakaiko dute Euskal Ya eta Nafarroako korridorea non lotu.

Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Estatu idazkari Jose Antonio Santano Iruñean izan zen lastailaren 18an, ostiralean. Santanok jakinarazi zuenez, Abiadura Handiko Trenaren (AHT) Nafarroako trazadura egokia egiteko zundaketak aurki hasiko dira. Gaineratu zuenez, hori egin ahal izateko Estatuko Abokatutzak "lege formula opatu du: aldi baterako lursailen okupazioa". Horrek lur sail pribatuetara sartzeko aukera emanen diela ziurtatu zuen Santanok. Izan ere, bai udalek bai lurjabeek laginak edo zundaketak egiteko baimena ukatu dute. 

Gobernuko kideak jakinarazi zuenez, Iruñea eta Altsasu arteko zundaketak "azkar" eginen dira. Antza, Nafarroako Gobernuaren edo Espainiako Gobernuarenak diren espazio publikoen ondoan ere laginketak egin nahiko lituzkete. "Horrek azkarrago egitea ahalbidetuko digu". Urte akaberarako "ziurrenik" eginak leudekeela iragarri zuen. Baina Aralarren lanak “konplexuagoak” izanen direla aurreratu zuen, sakontasun handiagokoak izanen direlako, 200 edo 300 metroko sakonerakoak. Zundaketen bidez jakin nahi dute, besteak beste, Aralarren 21 km-ko tunela egiteak izan dezakeen hidrogeologikoa. Han "denbora gehiago beharko dugu. Erabaki egokiena hartzeko gauzak ongi egin behar dira, inguruaren ezaugarriak zehazki ezagutu behar ditugu". Ez zuen eperik eman.