Nafarroako Gobernuak autobus bidezko bidaiarien kontzesio berria eman zuenetik, NBus zerbitzuko autobusek ez dute Aizkorben, Ekain eta Satrustegin gelditzen. Bertako herritarrek autobusak pasatzen ikusten dituzte, besterik ez. Gainera, inolako autobus zerbitzurik ez dute Aizkorben eta Egiarretan. "Arakil erdia garraio publikorik gabe dugu kasik. Lotsagarria da! Ezin dira halako egoerak normalizatu", kexu da Oihana Olaberria Jaka alkatea. "Despopulazioaren kontra egiteko funtsezko elementuak etxebizitza eta garraio publikoa dira, eta bietan Arakilen hankaz gora gaude", gaztigatu du.
"Despopulazioaren kontra egiteko funtsezkoak dira etxebizitza eta garraio publikoa"
Ekaiko kontzeju buru Patxi Uharte Garrok azaldu duenez, "Nafarroako Gobernutik esan digute markesina ez dagoela toki egokian, ez dituela baldintzak betetzen eta arriskutsua dela". Ekaidarrak esandakoa berretsi du Satrustegiko kontzeju buru Jose Antonio Angulo Bachillerrek: "Satrustegiko markesinak ez du autobusak gelditzeko araudia betetzen. Eta arriskutsua denez, zerbitzua eskaintzeari utzi zioten". Zehaztu duenez, "autobusak sarrera-irteera errailak beharko lituzke markesinaren ondoan, eta parean. Hiriberritik etortzean autobusak errepideko arrasto jarraituak zapatzen ditu. Zuhatzutik etortzean bidaiariak bide ertzean utziko lituzke eta arriskutsua litzateke". Araudira egokitzeko, besteak beste, espaloiak egin beharko lirateke. Hala egin zuten duela bi urte Zuhatzuko eta Hiriberri Arakilgo kontzejuek. Angulok gogorarazi du Ekai, Zuhatzu eta Satrustegiko markesinak Nafarroako Gobernuak eraiki zituela Sakanako Autobia (A-15) egin zuenean.
Horren guztiaren ondorioz, herritar batzuek autobusa hartzeko Etxarrenera, Zuhatzura edo Hiriberri Arakilera oinez joaten dira. Baina errepideak ez du bide bazterrik, eta goiz iluntzen denean arriskutsua dela gaztigatu dute bi kontzeju buruek. "Pena da garraio publikoa erabiltzeko aukerarik ez izatea, trabak besterik ez ditugu". Egoera bera bizi dute Aizkorbe, Izurdiaga eta Egiarretako herritarrek. Aizkorbeko kasua bitxia da. Araudia betetzen ez delako Burundesa enpresako autobusak ez dira bertan gelditzen. Bai, ordea, Mugiroarra eta Leitzaran enpresetakoak. Irurtzundarrak han jaitsi eta herrira oinez joaten dira.
"Pena da garraio publikoa erabiltzeko aukerarik ez izatea, trabak besterik ez ditugu"
Garrok nabarmendu duenez, "foru administrazioan gai horrekin buelta pila eman ditugu, alferrik. Ez dirudi eskaera berraztertuko dutenik". Angulok esan duenez, "Herri Lan Zuzendaritza Nagusitik Garraioko Zuzendarit Nagusira bidali izan gaituzte, eta alderantziz. Araudia betetzeko zer egin behar dugun ez digute esaten, eta ez aurrera ez atzera gaude". Angulok irtenbidea bilatu nahian Arartekoarengana jo zuen. Garraio Zerbitzu Nagusiarekin harremanetan jartzeko bitartekari bat jarri zuen, baina alferrikakoa izan da saiakera.
Bitartean udalean eta kontzejuetan garraio publikoaren inguruko kexak pilatzen jarraitzen dute. Alkateak laburbildu duenez, "gobernuak ez du ezer egiten. Proposatu izan diogu lanen kostuaren zati bat udalak bere gain hartzea, alferrik. Ez dute irtenbiderik ematen. Baina araudia betetzen ez den beste herri batzuetan autobusa gelditzen da".
Eskaerapeko zerbitzua
Uhartek eta Angulok azaldu dutenez, Nafarroako Gobernuak eskaerapeko autobus zerbitzuan sartu zituela bi herriak. Bi kontzejuburuek salatu dutenez, "zerbitzua eskasa da eta ordutegi gutxi ditu". Izan ere, bezperan deituta, astelehen eta asteazkenetan arakildarrak Irurtzunera eramaten ditu, han Iruñera doan 09:27eko autobusa har dezaten. Eta Irurtzundik Arakilera bidaiariak eramaten ditu astelehenean 13:41ean eta asteazkenetan 19:44ean. Larunbatean Irurtzunera 09:23rako eramaten ditu eskaerapeko zerbitzuak, eta 15:30ean bueltatzeko aukera dute. "Zerbitzua eskasa izateaz aparte, ez dute potentziatu", gaztigatu du Angulok. Gaineratu duenez, "Irurtzunen gelditzen diren autobus guztietarako zerbitzua izan beharko luke eskaerapekoak".
"Araudia betetzeko zer egin behar dugun ez digute esaten, ez aurrera ez atzera gaude"
Olaberriak zehaztu duenez, "Arakilen inork ez du eskaerapeko autobus zerbitzua erabiltzen. Gaizki kudeatu zuen gobernuak. Kanpotik, jendearen beharrak kontuan hartu gabe jarri zuten; ez da arakildarren beharretara egokitzen". Alkatea Berta Miranda Ordobas Nafarroako Gobernuko Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko zuzendari nagusiarekin behin baino gehiagotan bildu da garraio zerbitzuaz hizketatzeko. "Esan nion eskaerapeko zerbitzuak ez zuela funtzionatuko, baina ez zidan sinistu nahi izan. Eskatu nion zerbitzu hori bertan behera uzteko, baina esan zuenez, hori eginez gero penalizazioa luke gobernuak. Horregatik mantentzen dute".
Gaur egun aipatutako bost herrietan gelditzen diren autobus bakarrak eskola garraiokoak dira. "Herri barruraino sartzen da autobusa. Gero ateratzeko maniobra handia egin behar izaten du gidariak", azaldu du Angulok.
"Arakilen inork ez du eskaerapeko autobus zerbitzua erabiltzen. Gaizki kudeatu zuen gobernuak"
Proposamena
Arakilen garraio publikoak duen egoerarekin nahiko "nazkatuta" dago alkatea. "Oso gaizki dimentsionatu zuten beharra eta txapuza bat egin zuten. Kontzesioa azkar eta gaizki eman zuten eta ez ditu ibarraren beharrak asetzen". Arabako Lautadarekin dagoen konexio falta gogoratu du. Edo Iruñerritik eta Arabatik Sakanara lanera etortzen direnak garraio publikoa ezin dutela erabili. "Ikasleak Iruñera ikastera joatea arazo bat bihurtu da. Taxiak erabiltzen ari dira. Hezkuntza Departamentuaren eta Garraio Zuzendaritza Nagusiaren arteko koordinazio bat egon beharko luke".
Hori guztia kontuan izanik, Olaberriak Mirandari bilera eskatu dio atzera ere. Arakilen garraio publikoko beharrei erantzunen dion proposamen bat landu du udalak, eta alkateak hori aurkeztuko dio oraingoan.