Lau hamarkadaren ondoren, medikuari agur

Alfredo Alvaro Igoa 2024ko urr. 28a, 10:00

Uharte Arakilgo kontsultategia. ARTXIBOA

Uharte Arakilgo kontsultategian lan egin duen sendagilea jubilatu da.

Azkeneko lan eguna lastailaren 24an izan zuen Antonio Fernandino Aragonek. Hiriberri Arakil, Ihabar, Irañeta, Uharte Arakil eta Arruazuko bizilagunen medikua izan denak 44 urteko jardunaren ondoren, 70 urterekin, jubilatu egin da. Bitarte horretan makina bat pertsona zaindu ditu osasunaren profesionalak, eta herritarrek harekin orain arte bizipenak eta osasun kontuak partekatu dituzte. Sendagileak udalek kontratatzen zituzten garaian hasi zen lanean Fernandino. Irañeta, Uharte eta Arruazuko udalek egindako deialdiari 30 medikuk erantzun zioten eta udalek Fernandino kontratatzea erabaki zuten 1980ko maiatzaren 10ean. Jubilazioa hartuta, toki erakundeetako ordezkariek esan dutenez, "orain, berak gurekin aro berri bat hasiko du, gure mediku izatetik gure lagun izatera, soilik".

Ekitaldi publikoen zale ez dela jakitun, udal eta kontzejuek "egindako lana eskertzeko omenaldi xume bat" egin nahi izan zioten. Alde batetik, bost herrietatik liburuxka bat ibili da: lastailaren 18an Irañetan, 19an Ihabarren, 20an Hiriberri Arakilen, 21ean Arruazun eta 22an eta 23an Uharte Arakilen. Hartan herritarrek bere eskerrak, anekdotak edo hitz ederrak idazteko aukera izan zuten. 

Horrekin batera, "egindako lanak hazia bota duela senti dezan", haziak eta landareak jaso dira, kontsultategiaren atzeko aldean dagoen lorategian landatzeko. Hango iturritxoan bera gogoratuz plakatxo bat jarri zuten. Bestalde, kontzejuetako eta udaletako ordezkariek, esker onez, bazkaltzera gonbidatu zuten Fernandino.