2019. urtean Euskaltzaleen Topaguneak garai batean ospatzen zen Gau Beltza "berrasmatzeko" bidea hasi zuen, Andoni Urzelai Topaguneko kideak azaldu duen bezala: "Bazen zenbait ohitura berrasmatzeak merezi zutenak; Gau Beltza horietako bat da". Urriaren 31n, Domu Santu egunaren bezperan, ospatzen da, mundu angloxajoian Halloween ospatzen duten egunean.
"Mundu global honetan ospakizun horiek indar asko hartzen ari ziren, eta hemen betidanik izan dugu horrelako ohitura bat: Gau Beltza"
"Mundu global honetan ospakizun horiek indar asko hartzen ari ziren, eta konturatu ginen hemen, Euskal Herrian, betidanik izan dugula egun hori ospatzeko ohitura bat: Gau Beltza edo Arimen Gaua". Iosu Ozaita antropologoak ospakizunaren inguruko ikerketa egin zuen, eta Jaime Altunarekin Itzalitako kalabazen berpiztea lana kaleratu zuen ere. "Horri segika hasi ginen Gau Beltza sustatzen; dokumental bat egin genuen, zenbait material sortu genuen...".
Topagunetik formazio saioak egiten hasi ziren, "apur bat berria zen; berria ez, baina jende askok ez zuen ezagutzen, eta oinarri teoriko bat emateko, jatorria nondik datorren eta Gau Beltza kokatzeko". Bost urte hauetan "sekulako" zabalkundea izan duela esan du Urzelaik: "metxa piztu da eta herri askotan ospatzen da". Sakanan Irurtzun izan zen lehenengoa; Ibilbide Beltza deitutako ekimena ospatzen du urtero Pikuxarrek eta Aizpeak. Urteekin zenbait herritan zabaldu da eta Lakuntzan, Arbizun, Bakaikun eta Altsasun ipuin kontaketak, makillaje eta mozorro tailerrak, eskeak eta abar antolatzen dira. "Harriagarria izan da. Hor ikusten da jendeak badaukala nolabaiteko bereizteko gogoa; oso azkar hedatu da, eta gainera oso modu onean". Jendeak Gau Beltzaren ezaugarriak bereak egin dituela gaineratu du Urzelaik.
Garai batean Gau Beltza "oso baserri mundukoa" zen: "Oso lotuta zegoen solstizioei, neguaren etorrerari, lurrari... Era berean arimak hurbiltzeko eta horrelako gauzekin ere zerikusia zuen". Euskal Herrian azken hamarkadatan "oso nukleo urbanotarako bidea" egin du, eta ohitura galtzen joan dela esan du Urzelaik, "beste gauza asko bezala, erabat logiko eta normala dena". Landa mundutik hiri mundura pasatzerakoan ohiturak eta beharrak aldatzen direla gaineratu du.
Baloreak
"Sustatzen ditugun baloreak euskarari, komunitateari, naturari eta abarri lotuta daude"
Urteko gaurik luzeena da urriaren 31 eta ohitura urteko aro desberdinak ospatzeari lotuta zegoen, "gaur egun gauza horiei oso garrantzia gutxi ematen diogu". Topagunetik ospakizuna gaukortzen saiatu dira: "Garbi dago ezin dela garai baten moduan ospatu, adibidez, baserriaren bidean kalabazak hustu eta argia jarri... Hil den pertsonari bidea aurkitzen laguntzeko egiten zen, bazegoen logika bat". Ospakizunaren atzean "hainbat sinimen" zeuden. Hortaz, ospakizuna gaurkotzerako orduan "zenbait gauza" mantendu dituzte ere, gehienbat ikonografiari lotuta daudenak; kalabazak, sua, etxean egindako mozorroak... "Gaur egun sustatzen ditugun baloreak euskarari lotuta daude, oso ospakizun euskaldun da; komunitateari lotutakoa da, ez da merkantilista, eta auzo elkarteek bultatzen dute; mozorrka etxean dauzkagun trapu zaharrekin egindakoak dira, ez dira erositakoak; naturarekiko errepetua sustatzen dugu; berdintasunaren aldeko aldarria egiten dugu, baita aniztasuna ere". Jaia gaur egungo gizartearen ezaugarrietara gaurkotu dute, "ahal den neurrian".
Komunitatean ospatzen den jai bat dela nabarmendu du Urzelaik: "Egun horretan ospatzen den Halloween, esaterako, beste jatorri bat zuen, zeltetatik dator, baina guztiz galduta dago. Gaur egun jai guztiz merkantilista da; ongi dago, baina guk beste gauza batzuk sustatu nahi ditugu". Garrantzitsua da Gau Beltza antolatzen dituzten herritan auzo, euskara edo kultur elkarteek antoatlzen dutela; herritarren elkarteak".
Gau Beltzan aspektu ludikoa heriotzarekiko harremana sendotzeko uztartzen direla esan du Urzelaik, "behintzat aintzat hartzeko". Joan direnen memoria oroitzeko modu bat dela gaineratu du: "Hori bai da lan indibidual bat; Gau Beltzan parte hartzen duen pertsona batek dibertitzeaz gain heriotza buruan eduki dezake eta joan direnak gogoratzeko ejerzizioa egin". Lehen baserrien bidean kalabazak pizten zituzten, arimek bidea aurki zezaten; etxean zeuden trapu zaharrekin mozorrotzen ziren, eta eskean aritzen ziren. "Gaur egun erabat modu desberdinetan antoaltzen da: kantu eskeak, etxez etxekoak...".
Beldurra emateko jai bat den galdetuta, Urzelaik esan du heriotzario beldurra kentzeko edo modu naturalagoan tratatzeko modu bat izan daitekela Gau Beltza: "Gaur egun jai ludiko bat da, dibertitzeko, eta horren barruan beldurra eman daiteke ere: mozorroak, makillajea, ipuin kontaketak eta beste". Urteko gaurik luzeena denez ere beldurrarekin harremandu daiteke. Heriotzarekin harreman estua duen egun bat da; "formazio saioak eta hitzaldiak ematen ditugunean, dolua nola eraman izan daiteke hitzaldietako bat, beste bat izan daiteke Gau Beltzaren aspektu desberdinak...".
Euskaltzaleen Topaguneak Gau Beltzari buruz egindako lans gaubeltza.eus webgunean ikus daiteke.