Hezkuntza publikoan greba izanen da lastailaren 29an

Guaixe 2024ko urr. 28a, 13:00

Aurreko greba egunean Altsasun egindako kontzentrazioa. ARTXIBOA

Departamentuaren eta sindikatuen arteko bileretan ez dira jarrerak hurbildu.

Ikasturteko bigarren greba deialdia dute Hezkuntza publikoko langileek lastailaren 29rako, astearterako. Irailaren 26ko deialdian bezala, oraingoan ere STEILAS, ANPE, AFAPNA, LAB, CCOO, ELA eta UGT sindikatuek deitu dute greba. Carlos Gimeno Gurpegi kontseilariarekin bitan batzartu dira baina hark egindako eskaintzak "eskasak" direla iritzita, greba deialdia mantendu dute. 

Lau eskaera dituzte greba deitzaileek. Batetik, "eskola, institutu, Lanbide Heziketakoko ikastetxe eta beste irakaskuntza batzuetako ikasle guztien arreta hobetuko duen ratioen jaitsiera lineal progresiboa, jarraipen konpromisoarekin". Jaitsierak etapa guztietako lehen mailarako nahi dute heldu den ikasturterako. Bestetik, irakasleen eskubideetan atzera egitea dakarren edozein proposamen baztertzea. Gainera, 2025eko irailaren 1erako lan gainkarga murrizteko neurri eraginkorrak ezartzea nahi dute. Eta, azkenik, Hezkuntza Departamentuari eta Funtzio Publikoari exijitu diete "Mahai Orokorrera eraman dezatela osagarrien bidez eros ahalmena berreskuratzea ekarriko duen neurriren bat".