Euskaraldia 2025

Euskaraldia ulertu, ikusi eta bizitzeko modua aldatzeko erronkarekin heldu da

Guaixe 2024ko urr. 25a, 11:46

Iruñean egin zuten Euskaraldiaren aurkezpena. UTZITAKOA

Laugarren edizioak 'Elkar mugituz egingo dugu' leloa du. Antolatzaileek aktibazioan, mugimenduan, emozioetan eta batak bestearengan dugun eraginean jarri dute arreta. Herriek eta entitateek dagoeneko eman dezakete izena Euskaraldian; martxoan izango da ahobizi eta belarripresten txanda.

Nafarroako Antzerki Eskolan (Iruñea) aurkeztu dute udaberrian, 2025eko maiatzaren 15etik 25era, egingo den laugarren Euskaraldia. Edizio berriak izango dituen ezaugarri nagusiak ezagutu ahal izan dituzte ekitaldira gerturatu diren erakunde, gizarte eragile, enpresa eta herri batzordeetako ordezkari zein herritarrek.

Euskaraldiaren laugarren edizioak berarekin definizio berria dakar. Orain arte, Euskaraldia "hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa soziala" gisa definitua izan da. Baina laugarren ediziorako birdefinitu egin dute. Aurrerantzean Euskaraldia "euskararen erabilera aktibatzeko mugimendua" izanen da. “Beste era batera esanda, 11 egunetako ariketa soziala batera eta masiboki egingo genuke ordura arte egindako pausoen erakusgarri eta hurrengoetarako bultzatzaile, baina askoz zabalagoa litzateke mugimendua. Hots, ez dugu nahi Euskaraldia hamaika egunetara mugatzen den ariketa soziala izan dadin soilik. Nazio mailan, euskararen lurralde osoan, eta denok batera egiten dugun arren, zabaldu nahi dugu dinamika, denboran eta gizartean. Euskararen erabilera aktibatuko duen mugimendua elikatu nahi dugu", azaldu dute antolatzaileek.

Euskaraldiaren helburu nagusia herritarren hizkuntza ohiturak aldatuta euskararen erabilera handitzea da. Helduen aktibazioa du oinarri, eta ariketa egin ahal izateko gutxieneko baldintza euskara ulertzea da. Baina horrekin batera, ariketak badu beste helburu batzuk ere. Batetik, "hizkuntza ohituren inertziak astindu eta herritarrek euskara gehiago erabiltzeko urratsak ematea eta entitateek euskaraz bizitzea ahalbidetuko duten neurriak hartzea". Bestetik, "euskararen erabilera aktibatzeko mugimendua elikatzea". Eta, horiekin batera, "tokian tokiko euskalgintza aktibatzea eta lankidetzan aritzea, praktika linguistikoak erraztuko dituzten neurriak sustatu eta euskal hiztunak martxan jar ditzaten". Antolatzaileek dei egin dute "ariketa horretan maila pertsonalean edota kolektiboan parte hartzera".