Erregional mailako zazpigarren jardunaldiak 6 puntu utzi ditu Sakanan.
Altsasuk zazpigarren garaipena segidan lortu zuen, Rotxapeari El Irati futbol zelaian 0-3 irabazi eta gero. Lehen zatia borrokatua izan zen eta nor baino nor lehiatu ziren Altsasu eta Rotxapea. 47. minutuan Imanol Lobok Altsasuren markagailua mustu zuen, eta Unai Rodriguezek eta Aitor Augustok sartutako golekin batera, 0-3 gailendu zen Altsasu, lidergoa sendotuz.
Etxarri Aranatzek eta Berriozarrek partida oso estua jokatu zuten Berriozarren. Lehen zatia eta bigarren zatiko tarte handi bat husnako berdinketarekin joan zen, bi taldeek ez baitzituzten euren aukerak gauzatzen. Imanol Munarrizek 69. minutuan aurreratu zuen Berriozar baina 4 minutu beranduago bana berdindu zuen Aritz Aristorenak. Partida berdinketarekin bukatu behar zela zirudienean iritsi zen eromena. Oinatz Carreñok 1-2 aurreratu zuen Etxarri 89. minutuan, baina 90. minutuan bina berdindu zuen Berriozarrek. Hurrengo jokaldian, 90. minutuan, David Cabalgantek Etxarriren garaipenaren gola sartu zuen, eta 2-3 irabazita eta urrezko 3 puntuekin itzuli ziren etxarriarrak.
Azkenik, Lagun Arteak Orkoiengo Kirol Sport taldea hartu zuen Zelai Berrin. Partida oso ongi hasi zen lakuntzarrendako, Iker Anduezak 9. minuturako Lagun aurreratu baitzuen. Kirol Sportek bana berdindu zuen, baina atsedenaldia baino lehen 2-1 aurreratu zen Lagun, Gaizka Sagarzazuri esker. Bigarren zatiak ildo beretik jarraitu zuen, 68. minutuan Oihan Anduezak bina berdindu arte. Eta partida berdinketarekin despedituko zela zirudienean, azken minutuan Hugo Martinezek Orkoienen garaipen gola sartu zuen (2-3), Lagun Artea izugarri mindu zuena. Azken unean hiru puntuak ihes egitea oso gogorra izan zen lakuntzarrendako.
Altsasuk jarraitzen du erregional mailako laugarren multzoko lider (21 puntu), San Jorgeren aurretik (19 puntu). Etxarri Aranatz hirugarren da (15 puntu) eta Lagun Artea hamargarren (9 puntu). Asteburuan ez da jardunaldirik jokatuko, Koparen txanda baita. Erregional mailako zortzigarren jardunaldian Altsasuk sailkapenean seigarren den Amaia taldea hartuko du azaroaren 9an, eta Etxarri Aranatzek sailkapenean hamazazpigarren den Asdefor, azaroaren 10ean. Lagun Arteak Lekunberrin jokatuko du azaroaren 9an, hemezortzigarren eta sailkapena ixten duen Beti Kozkor B taldearen kontra.