Astekaria

"Hilerriko lana errespetu handiarekin egiten dugu"

Erkuden Ruiz Barroso 2024ko aza. 6a, 13:21

Joseba Huarte Izurdiagako kontzejuko idazlaria. utzitakoa

Azaroaren 1ean Domu Santu eguna izan zen, eta hilerriak bisitatzeko ohitura dago. Izurdiagan txukun utzi zutela esan du Joseba Huarte kontzejuko idazkariak.

Izan ere, besteak beste, kanposatuaren mantenua kontzejuaren esku dago

1. Nork kudeatzen du Izurdiagako hilerria? 
Guk geuk kudeatzen dugu; kontzejuak. Izurdiagan hilerrian egoteagatik ez da ezer ordaintzen; hortaz, mantenua kontzejuak egiten du. Normalean, belarra mozten eta sastrakak kentzen ditugu, belar asko egoten dela; Kontzejuko kideek egiten ditugu lanak; ez dugu inor kontratzen, ez lorazainik ez enpresarik. Iturriak ura izan dezan arduratzen gara ere. Familiak bakarrik beraien hildakoaz arduratzen dira: hilobiaren harrikatzea, nitxoaren tapa... Aurkitzen ari garen arazo bat da Domu Santu eguna iristen dela, eta ulertzen dugu jendeak hilerrira loreak eramatea, baina azarotik azarora lore horiek edo, hobe esanda, lore horien hondakinak hilerrian jarraitzen dutela: loreontziak, plastikoak, bilgarriak... Jendea ez da arduratzen. 

2. Eta horren aurrean zer egin? 
Bandoak eta informazio kartelak jarri ditugu. Gu ari gara hondakin horiek jasotzen eta garbitzen, baina ez da gure lana. Gure lana hilerriaren mantenua da. Planteatzen ari gara bakarrik hilerriaren sarrerak eta inguru garbitzea, eta barrukoa eta hilobi bakoitzari dagokiona hildakoaren senideak arduratzea. Jendea konzientziatzeko modu bakarra da. Kolaboratzea eskatzen dugu, besterik ez. Aurreko aste osoa pasa genuen aurreko urteko loreen hondakinak kentzen. Azkenean, hondakin pila bat pilatzen da; kotxe bateko maletategi bat bete genuen. Jendea ez da arduratzen, eta ez da hainbeste kostatzen: hilabetea pasata, hilerrira joan, hondakinak hartu eta zaborrera bota. Hori da eskatzen den gauza bakarra eta jendeak ez du betetzen. 

3. Noiz egiten dituzue lanak? 
Urtean zehar egiten ditugu, gutxienez hiru edo lau aldiz. Hileta bat egon behar denean beti garbitzen dugu, eta udaberrian gehiago egiten dugu belarra izugarri hazten delako. Domu Santu egunerako ere egiten dugu. 

4. Auzolanak egiten dituzue? 
Egia da auzolan bat antolatu zitekeela herritarrek ere parte hartzeko, baina hilobien artean espazio gutxi dago, orduan jende asko joaten bada lagundu ezean oztopatutzen gara. Zoriotxarrez azken urtetan heriotz nahikotxo izaten ari dira, adineko jende asko dagoelako, eta gehiagotan joaten ari gara lan egitera. Beraz, badakigu nola egin. Bost pertsona joaten bagara ja gure artean trabatzen gara; normalean hiru joaten gara.

5. Nolakoa da hilerria? 
Hilobiak eta nitxoak daude. Laukizuzen forma du eta dena hormigoituta dago. Bi sarrera daudela esan daiteke; ate handitik hileta bat dagoenean tanatorioko kotxea sartzen da, eta barruan nitxoetara joateko beste sarbide bat dago, baina bi zonaldeak konektatuta daude. 

6. Korunbarioak dituzue? 
Ez, baina jartzea planteatzen ari gara. Geroz eta jende gehiago errausten ari da, eta ikusten ari gara agian falta direla korunbarioak. 

7. Nola da hilerri batean lan egitea? 
Errespetu handiarekin egiten dugu. Ezin duzu belarra moztu lorategi batean edo beste edozein toki batean egongo bazina bezala. Askoz zainduagoa da eta saiatzen gara ahalik eta gutxien zapaltzen eta azkarren egiten.

8. Hilerriek beldurra ematen omen dute...
Niri beti esan didate bizirik daudenei hildakoei baino beldur gehiago izan behar zaiela. Denborarekin beldurra kudeatzen da ere. Bertan dauden asko ezagutzen ditugu, eta orduan errespetu handiarekin joaten gara. Goizean goiz joaten gara, eta lasai egiten dugu. 11:00ak aldera bukatuta izaten dugu. 

9. Hilerria irekita dago? 
Bai, beti irekita dago. Badugu nolabaiteko laberinto bat ganadua ez sartzeko eta kotxea sartzeko ateak bai giltzarrapo bat duela. Oinez edozein sar daiteke nahi duenean,baina kotxez ezin da sartu hilerri barrura. Herritarren batek nahi zuen zaldiak sartu, eta itxi zen. Baina, bestela, irekita dago eta ez dago ordutegirik. Momentuz ez dugu inolako arazorik izan; jendeak errespetatzen du eta ez dugu behar ikusten giltza jartzea. 

10. Hileta bat dagoenean, zuek arduratzen zarete? 
Lehen bai kudeatzen zela. Duela 30 bat urte hiru etxe arudratzen ziren horretaz. Urtero bati tokatzen zitzaion hilerria garbitzea, zuloa egitea eta ondoren hildakoa lurperatzea. Baina gaur egun legediagatik eta abarrengatik tanatorioa arduratzen da. Beraiek egiten dute zuloa, makina eramaten dute eta familiari edo kontzejuari baimena eskatzen diote, baina ordaintzen ez denez, ez da ia behar ere. Zerbitzu horiek ordaintzeaz familiak arduratzen dira. 

11. Azaroaren 1ean hilerrira joango zara? 
Senideak ditut, beraz, joango gara bai.