Umezurztegi bat. Baina ez edozein umezurztegi. 104. haurra arropa fabrika bat den umezurztegi batean dago. Langile fina da, gainera. Aitona, amona eta Urbi txakurra txotxongiloak dira, eta beraiekin jolasten da. Egun batean, umezurztegi fabrikara Eki iritsiko da, eta nolabait "begiak irekiko" dizkiola azaldu du Eva Azpilikueta aktoreak. 104. haurra antzezlanan Itsasoren papera egiten du. Harekin batera Laura Villanueva aktorea dago, eta Jokin Oregik zuzendu du lana. FETEN Xixongo antzerki jaialdian otsailan aurkeztu zuten, eta Erriberriko jaialdian ere taularatu ondoren, obraren hainbat emanaldi egiten ari dira "gozada bat dela, portzierto". Hortaz, azaroaren 10ean, igandea, 17:30ean, Etxarri Aranazko kultur etxean izanen dira, Sendaberri programaren barruan.
"Proposamena irakurri genuen eta oso Yarleku zela ikusi genuen". Antzerki konpainian familiarteko antzerkia egiten dute, "entretenitzeko balio duena, baina haratago jaoten dena ere". Etxerik txikiena obran errefuxiatuen gaia landu zuten, eta kasu honetan haurren lan explotazioa jorratu dute gai nagusi gisa. "Aurreko lanarekin bezala landu genuen, fasetan; topaketak egiten hasi ginen, gaia proposatu zuten eta nolabait ikertzen eta lantzen hasi ginen; Jokinek gaia hartu zuen eta dramaturgia egin zuen". Zuzendariarekin "oso azkar" konektatu zutela esan du Azpilikuetak: "Oso jatorra eta irekia da". Hasieratik gaia lantzen hasi zirenez eta eszenografia ere azkar izan zutenez, "sortzen joan ginen, objektuekin lan egiten; egia esan, sortze prozesua erraza eta eramangarria izan da".
Umezurztegi berezi batean, izkutatuko arropa fabrika bat dena, bizi den haur baten papera interpretatzeko dokumentatu direla azaldu du aktoreak. "Gaia lantzen hasi aurretik dokumentalak ikusten ditugu. Kasu honetan, Indiako dokumentalak ikusi ditugu non neska gazteak, emakume gazteak, haurrak... lan explotazio egoeran dauden. Gaiaren inguruan irakurtzen dugu ere eta pixkakana errelitate hori jasotzen joaten gara".
"Munduan geratzen ari diren errealitateak erakutsi nahi ditugu"
Haurren lan explotazio gai nagusia den arren, azpi-gai asko daude; besteak beste, adopzioaren gaia. "Baina ez da adopzio normal bat". Argi utzi nahi dute ez duela "hemengo" egoerarekin zerikusirik. "Munduan gertatzen diren gauzak dira, hemen ez gaude hain ohituta, baina errealitate hori erakutsi nahi dugu".
Hausnarketa
Haurren lan explotazioaren gaiarekin fabrika horietan sortzen den arroparen inguruko hausnarketa sustatu nahi dute 104. haurra-rekin ere: "Hemen kontsumitzen ari gara beste herialde batzuetan egoera ez onean egiten ari diren gauzak. Haurrek lan egiten dute".
Izaera, zer nolako familia sor daitezkeen "familia" faltan dagoenean eta boterearen eta gizarte mailen inguruan ere hitz egiten du lanak. "Itsasok oso ongi lan egiten du eta Eki iristen denean begiak irekitzen dizkio esaten duelako haur asko pasatzen direla hortik, eta denak joaten direla, baina berak bertan jarraitzen duela oso ongi lan egiten duelako eta botereak ez duelako joatea nahi". Pentsamendu kritikoa sortzen da Yarlekuren helburuetako bat; "gauzak modu askotan konta daitezke, eta guk ez dugu edozein modutan kontatzen".
Drama eta komendia uztartzen ditu lanak: "Sorbete gazi gozoa prestatu dugu". Errealitate gogorra badago, baina egoera zailenetan ere erlatibizatzen dela erakusten du antezlanak. "Egoera horretan ere jolasten egoten dira".
"Antzerkia entretenimendu bezala izugarri gustatzen zait, umorea pila bat gustatzen zait, eta beti sartzen dugu umorea bestela eutsiezina izango litzatekeelako eta familia osorako antzerkia egiten dugulako; baina sentsibilizatu nahi dugu". Lan honekin nahi dute haurrek ikustea munduan badirela beste errealitate batzuk, "eta etxean hausnarketa egin dezaten; ikustea bakoitzak zorigaitzak dituen arren, nahiko egoera erosoan bizi garela". Haurrak munduarekiko sentsibilizatzen eta enpatizatzen irakasten ez bazaie, "zer gertatuko da?", gaineratu du aktoreak.
Aktoreek "enpatia" oso landuta dutela esan du altsasuarrak: "Sentsibilitate berezi bat dugu aukera ematen dizula beste pertsona baten paperean jartzen eta nolabait benetan egiteko". Horretarako ere teknika asko daudela gaineratu du. "Obra honetan emozionatzen gara, ez dut asko aurreratu nahi, baina ez dute inoiz adoptatzen, egoera oso zailetan lan egiten dute... Azal horretan sartzeak asko mugitzen dizu". Bukaera "txundigarria" duela gaineratu du.