Hondakinen estrategia osatzeko iritzi eske

Alfredo Alvaro Igoa 2024ko aza. 5a, 09:00

Garbigune mugikorra eta hondakin bilketako kamioia Irurtzunen. ARTXIBOA

Sakanako Mankomunitateak 2025-2035 urteetarako hondakin bilketa zerbitzuko estrategia zehaztu nahi du, egin beharrekoak behar bezala planifikatzeko. Sakandarren iritzia jasotzeko galdetegia prestatu du.

Kontuan izanik 2021-2027 Nafarroako Hondakinen Plana aurki berrikusiko dutela, Sakanako Mankomunitateko Hondakin Zerbitzuko arduradunek erabaki dute plana ibarreko premietara egokitzea eta, bide batez, 2025-2035 aldirako hondakinen estrategia osatzea. Langintza horretan sakandarren iritzia baliagarria izanen zaiela jakinik, hondakinen kudeaketa zerbitzuaren inguruan galdetegia egin dute. Haren bidez, hondakinen estrategiaren ikuspegiari, lehentasunei eta helburuei buruzko balorazioak jaso nahi dituzte, baita hondakinen kudeaketarekin lotutako esperientziak eta iritziak ere.

Mank-eko arduradunek azaldu dutenez, "gure helburua da Sakanan hondakinen zerbitzuaren estrategia bat marraztea da, inbertsio, sentsibilizazio eta dibulgazio arloko lehentasunak identifikatu eta planifikatzeko. Galdetegiko erantzunek plan hori hobeto definitzen lagunduko digute". Aipatu galdetegia dagoeneko eskuragai dago udaletxeetan, Mank-en Lakuntzako egoitzan, Utzubar EKOgunean eta Altsasuko Iortia kultur gunean. Galdetegia Internet bidez erantzun nahi duenak labur.eus/sakana_hondakinak webgunearen bidez egin dezake. Galdetegiari erantzuteko epea azaroaren 19an despedituko da.

Galdetegiaz
Sakandarren iritzia jasotzeko galdetegia anonimoa da. Galderekin batera hainbat aukera proposatzen ditu eta norberarendako egokienak direnak aukeratzeko eskatzen du, batzuetan bakarra, gehiago gehienetan. 

Ibarreko erakundean hondakin bilketa legez ezarritako helburuak betetzeko bete beharra du. "Orain arteko emaitzak eta gure ingurua kontuan hartuta, Mank-ek etorkizunerako proposatzen duen bisioan ideia batzuk" jaso ditu eta horien inguruan dugun adostasun maila galdetzen du. Batetik, "Zero Hondakin Sakana izan nahi dugu, hau da: baliabide guztiak kontserbatzen dituena, errausketarik gabe eta lurrera, uretara edo airera isurketarik egin gabe". Bestetik, "elkarlanaren bidez, sortzen dugun hondakin kopurua murriztuko dugu, ingurumena babestuko dugu eta baliabide naturalak eta materialak zainduko ditugu".

Segituan sortutako hondakin kantitatea murrizteko egiten ditugunen eta bereizten ditugunen inguruan galdetzen du. Hondakinak gehiago bereizten laguntzeko zer egin litekeen ere galdetzen du. Edukiontzi edo zintzilikarioen ondoan gaizki utzitako hondakinekin zer egin daitekeen ere galdetzen du. 

Eskuragai dagoen galdetegian Sakanako hondakin bilketaren inguruko hiru datu eman ditu Mank-ek, kokatzeko. Lehenik, hondakin zerbitzuak 2023an 9.400 tona hondakin bildu zituen, 700 autobusen pisu baliokidea. Sakandar bakoitzak, batez beste, 456 kilo hondakin sortzen ditu urtero, estatuko batez bestekoa baino pixka bat gutxiago.2023an, Sakanako gaikako bilketa tasa %58koa izan zen, Nafarroako batez bestekoa baino %15 handiagoa. Datuak hobetzeko lau helburu zehaztu ditu Mank-ek eta horien gaineko iritzia eskatu du. Batetik, prebentzioa eta berrerabiltzeari dagokionez, 2010ean sortutakoekin alderatuta, 2030erako %15 hondakin gutxiago sortzea, eta 2035rako, %17 hondakin gutxiago. Bestetik, birziklatzearen arloan 2035erako sortzen ditugun hondakinen %65, gutxienez, birziklatzeko edo konpostatzeko helburua zehaztu du. Materia organikorako jarritako helburua da 2027rako sortzen ditugunaren %70 gutxienez bereiztea, eta 2035erako %80a. Azkenik, hondakindegian botatako hondakinak 2030erako %20 baino gutxiago izatea, eta 2035erako %10 baino gutxiago.

Lauen inguruko galderak era badaude. Mank-ek azaldu duenez, hondakinendako ikuspegi orokorraren baitan Sakanako zirkulu ekonomia sustatzea proposatu du, eta iritzi eskea ere egin du.