Tokikomek, Toki Komunikabideen Bateraguneak, sektorearen erronken inguruko gogoetak eta eskarmentua partekatzeko ekitaldia antolatu du. Horretarako, hiru ponentzia mamitsu antolatu ditu, erronka horien artean kokatzen diren hiru gai nagusienetakoen inguruan: euskararen beraren etorkizuna, lanen eta baliabideen antolakuntza hobetu beharra, eta hedabideen inguruko komunitategintza.
Gai horiek lantzeko izen handiko gonbidatuek parte hartuko dute ekitaldian. Alde batetik, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateako Jon Sarasuak Euskararen Gogoetaguneak egindako lanketaz, eta lanketa horretan hedabideei aitortzen dien paperaz jardungo du. AEKko Lurdes Etxezarretak eta Xabier Garciak, berriz, AEKk azken urteotan barne integrazioaren eta antolaketaren alorrean egiten diharduen prozesuaren berri emango dute, toki komunikabideendako interesgarria izan daitekeelakoan. Azkenik, ElDiario.es-eko fidelizazio arduradun Ramon Argelinak haien kidetza eta fidelizazio estrategiaz hitz egingo du.
Tokikomek estreinakoz Nafarroan eginen du halako ekitaldi bat, hain zuzen, Artikako Maria de Maeztu kultur etxean izanen da, azaroaren 22an. Saioari buruzko informazioa tokikom.eus webgunean dago; ekitaldi berean Tokikom Sariak banatuko dira. Ekitaldia antolatzeko, Tokikomek Nafarroako Gobernuaren, Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien eta Laboral Kutxaren laguntza jaso du.
2024ko Tokikom jardunaldien egitaraua
Azaroak 22 ostirala
Artikako kultur etxea
11:00 Harrera.
11:30 Ongi etorria.
11:40 Tokikom Sariak 2024. Sari banaketa.
12:10 Hitzaldia: Jon Sarasua (MU).
12:40 Hitzaldia: Lurdes Etxezarreta eta Xabi Gartzia (AEK).
13:10 Hitzaldia: Ramon Argelina (elDiario.es).
13:40 Ondorioak eta agurra.
14:00 Zizka mizkak.