Nafarroako Parlamentuak XV. Batxilergoko Eztabaida Lehiaketako finalak hartu zituen lastailaren 26an. Bi finaletan hizlari sakandarrak izan ziren. Euskarazko eztabaida lehiaketa Alaitz Bigarren Hezkuntzako Institutuak (BHI) irabazi zuen. Bost partaideetatik hiru sakandarrak ziren: Maddi Zuñiga Balda irurtzundarra, Mara Benitez Olaberria iheberdarra eta Beñat Gomez Maiz etxarriarra. Txapeldunorde gelditu zen Biurdana BHIn Iraia Ongay Moral irurtzundarra eta Alba Lazkoz Etxarri egiarretarra lehiatu ziren. Haien taldekide Kattalin Gorraiz etxalekuar-irurtzundarra euskarako modalitateko hizlari hoberenaren saria eskuratu zuen. Gaztelaniazko finala Julio Caro Baroja BHIko taldeak irabazi zuen, eta boskote irabazleko partaidea izan zen Mariam Hamdi irurtzundarra. Irabazleek tableta elektroniko bana jaso zuten sari gisa eta bigarren gelditu zirenek, berriz, liburu-irakurgailu elektroniko bana.
Batxilergoko 2. mailako ikasleak parte hartzen duten torneoaren lehen fasea bezperan jokatu zen Nafarroako Unibertsitate Publikoko Arrosadiko campusean. Lehenengo aldiz euskarazko lehiaketa egin zen eta zazpi ikastetxek parte hartu zuten, hamabost gaztelaniaz. Han lan ona eginda, finalerako txartela lortu zuten sakandarren taldeek. Orduko eztabaidagaia honakoa izan zen: baliabide naturalak kendu zaizkielako al dira pobreagoak hirugarren munduko herrialdeak?
Julio Caro Baroja BHIko taldea, gaztelaniako modalitateko irabazlea. Mariam Hamdi irurtzundarra erdian.
Unibertsitateko komunitateko kideek eta antolatzaileek gonbidatutakoek osatu dute epaimahaia, eta alderdi hauek balioetsi ditu: sarrera, gezurtatze eta ondoriorik onenak, taldearen jarrera, ordena, adierazitakoaren argitasuna, interesa eta erraztasuna, segurtasuna eta gaia menderatzea, inprobisatzeko gaitasuna, mintzaira diskurtsoari begira egokia izatea, eta arintasuna erantzutean.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta Foru Parlamentuak antolatu dute lehiaketa horretako gaztelaniazko eta euskarazko finalak jokatu ziren. Antolatzaileek lehiaketaren bidez gazteek zenbait trebetasun garatzea nahi dute, esate baterako: jendaurrean hizketatzea, taldean lan egitea, informazioa aztertzea edo argudioak ematea. Beren prestakuntza pertsonalerako interesgarriak izateaz gain, trebetasun horiek unibertsitateko graduko ikasketekin lotutako gaitasun orokor edo zeharkako zenbait osatzen dituzte
“ Bi astez, atsedenaldietan, entrenatu genuen”
Maddi Zuñiga Balda, Mara Benitez Olaberria eta Beñat Gomez Maiz
Alaitz BHIko ikasleak
Nolaz eman zenuten izena eztabaida lehiaketan?
Filosofiako irakasleak NUPk antolatutako eztabaida lehiaketaren berri bidali zigun e-postaz. Ikaskide bati izena ematea proposatu, baina ezin izan zuen. Eta beste ikaskide batzuei proposatu nien. Azkenean, pentsatuta neukanaren oso talde desberdina sortu genuen, talde polita hala ere.
Nola entrenatzen da horrelako lehiaketa baterako?
Zortekoak izan gara eta filosofiako irakasleek lagundu digute. Bi astez, atsedenaldietan, entrenatu genuen. Gehien bat gaiari buruzko informazioa bilatzen genuen.
Etxekoekin eta kuadrillakoekin ere aritu zarete entrenatzen?
Bai, egun batzuk lehenago lagunen batekin bai, baina ez gehiegi. Izan ere, badaude inprobisatu behar diren gauza batzuk.
Zer moduzko esperientzia izan da?
Oso ona, eta benetan aberasgarria. Ostirala oso trinkoa izan zen, baina emozioz betea, larunbatekoa bezala.
Zer behar da behar bezala eztabaidatzeko?
Ustez, zuk pentsatzen dituzun gauzak alde batera uztea eta buruan beti izatea helburua ongi arrazoitzea dela, hutsunerik utzi gabe.
Gogoko hizlariren bat baduzue?
Ez.
Zertarako balioko dizue lehiaketan parte hartzea?
Eztabaida lehiaketan parte hartzeak apika, neurri batean, komunikazio trebetasunak hobetzeko eta pentsamendu kritikoa garatzeko baliagarria izan da.
“Urduritasunak inprobisatzeko eta ongi argudiatzeko gaitasuna ken diezazkizuke”
Iraia Ongay, Kattalin Gorraiz eta Alba Lazkoz Etxarri
Biurdana BHIko ikasleak
Nolaz eman zenuten izena eztabaida lehiaketan?
Egia esan, aurretik euskarazko lehiaketarik ez zegoenez, ez genuen lehiaketa ezagutzen. Filosofiako irakasleak eman zigun lehiaketaren berri, eta institutuak eztabaida lehiaketa batean parte hartuko zuela azaldu zigun. Izena eman genuen.
Nola sortu zenituzten taldeak?
Institutu bakoitzetik talde bat aurkezten zen. Seik eman genuen izena eta bostek parte hartu genuen. Izena eman genuenean ez genekien nork gehiagok hartuko zuen parte. Klase batetik bakarrak eman zuen izena. Geroago jakin genuen nortzuk izango ziren taldekideak. Egia esan, talde ederra sortu genuen.
Nola entrenatzen da horrelako lehiaketa baterako?
Ez genuen asko entrenatu. Patioan entrenatzen ginen, filosofiako irakasleen laguntzaz. Lehenengo lehiaketaren arauak ikusi genituen, gauza berria baitzen guretako. Behin dinamika ezagututa, gure ideia eta argudioak sortu eta datuak bilatzen hasi ginen, guztion diskurtsoari koherentzia emateko asmoz. Azkenik, eztabaiden egituran hartuko zuen posizioaren arabera, bakoitzak zer rol hartu pentsatu genuen. Aste bat lehenago NUPen prestakuntza izan genuen, eta halako eztabaidak nola egiten diren erakutsi ziguten, zeren filosofiako ikasgaian batzuk egin genituen, baina oso desberdinak ziren.
Etxekoekin eta kuadrillakoekin ere aritu zarete entrenatzen?
Ez dugu lehiaketaz kanpoko inorekin entrenatu. Gure artean praktikatzen genuen. Hala ere, egia da batek amarengandik aholku pare bat jaso zituela. Gainontzeko prestakuntza guztia taldekideekin egin dugu.
Zer moduzko esperientzia izan da?
Oso polita, jende asko ezagutu dugu. Erronka izan da. Izan ere, lehiaketaren planteamenduaren ondorioz askotan zurekin bat ez datozen tesiak defendatu behar dituzu. Era berean, lehiaketako bi egun horiek benetan biziak izan ziren. Esperientzia oso ona eta interesgarria izan da, batez ere talde ona sortu genuelako eta gainontzeko taldeekin giro paregabea egon zelako. Finalerako sailkatzea eta Parlamentuan egotea oso polita izan zen.
Zer behar da behar bezala eztabaidatzeko?
Gogoa eta egiteko nahia izatea, ez da aditua izan behar. Gaia prestatua izan behar da. Noski, edozer esan aurretik, zer esan behar den jakin behar da. Puntu horretan eskertzekoa izan zen irakasleek patioetan eskaini ziguten denbora. Gainera, eztabaidatzeko momentuan urduritasuna kontrolatu behar da; esan beharrekoa ongi jakinda ere, eztabaidan beste taldeari erantzun beharra dago. Presioak sorturiko urduritasunak inprobisatzeko eta ongi argudiatzeko gaitasuna ken diezazkizuke.
Gogoko hizlariren bat baduzue?
Ez. Egia esan, hau izan da oratoriarekin eduki dudan lehen kontaktua, beraz ez dut hizlaririk buruan.
Zertarako balioko dizue lehiaketan parte hartzea?
Gehienbat, NUPek euskaraz egiten duen lehen eztabaida lehiaketan parte hartu izanak ematen dio balioa. Gainera, iruditzen zait gure ideiak besteen aurrean defendatzea oso gaitasun transbertsala dela gure bizitzako arlo publikoan. Jendaurrean hitz egiteko eta lotsa galtzeko lagungarria izan da.