Nafarroako Tokiko Prentsa Elkarteak (Nafarpres) I. Nafarpres Sariketa antolatu du. Sari horiek tokiko hedabide inprimatuek eta profesionalek egiten duten lana aitortzea dute helburu, Nafarroako kultur eta gizarte identitatea mantentzen laguntzen dutenak, batez ere tokiko eremuan. Sariak Nafarpresen bazkideak diren eta ez diren tokiko hedabide eta profesionalendako dira, Nafarroako tokiko komunikazioa sustatzen duten eragile guztiek parte har dezaten. Gainera, euskaraz eta gaztelaniaz aurkeztutako lanak onartuko dira, komunitatearen hizkuntza aniztasuna sustatzeko. Aurreneko deialdirako izen ematea azaroaren 8ra arte egonen da zabalik.
Nafarpres Sariak bost kategoriatan banatuko dira, tokiko hedabideen ahalegina, sormena eta eragina aitortzeko hainbat arlotan. Batetik, Erreportaje Onenaren saria emanen da, berori tokiko bizimodua eta erronkak islatzen dituzten kazetaritza-lanei zuzenduta dago. Bestetik, Elkarrizketa Onenaren saria dago, Nafarroako gizarte eta kultur ingurunean balioa ematen duten elkarrizketak aitortzea helburu duena.
Horiez aparte, Diseinu Editorial Onenaren saria banatuko da, tokiko argitalpenen maketazioa eta sormena saritzea helburu duen aitortza hain zuzen ere. Argazki Onenaren sariaren bidez, irudiak istorio bat kontatzeko duen gaitasuna baloratuko da, tokiko testuinguruan, bertako bizimodua nabarmentzen dutenak. Sari horrek bi sail ditu: bata, tokiko hedabideetako taldeek egindako lanendako, eta bestea, hedabideetakoak ez diren profesionalendako. Azkenik, Publizitate Kanpaina Onenaren saria banatuko da. Kanpaina instituzional eta komertzialak bereizten ditu sariak, komunikazioaren originaltasuna eta eraginkortasuna nabarmenduz.