Sardiniako Cagliari hiriburuan Odras sariak banatu ziren lastailaren 26an. Sariketa Associazioni Cristiane Lavoratori Italianik, Crei-Aclik sortu zuen Fondazione di Sardegnaren laguntzaz, eta aurten hirugarren edizioa zuen. Hizkuntza gutxituen sustapen eta balorizaziorako nazioarteko konpromiso sozial eta politikoa aitortzeko sortu zen. Aurtengo lau sarituetako bat Castillo Suarez Garzia izan da. 1990eko hamarkadaz geroztik euskararen erabileraren alde kultur eta literatur elkarteetan, erakunde publikoetan eta erakunde ofizialetan egindako lana aitortu diote.
Mariano Chelo artistak sortu eta Quattro mori, Quattro mari izenburua duten saria jaso zuen, lurraren, itsasoaren eta historiaren arteko lotura irudikatzen dute, eta sarituek pasioz zaintzen dituzten hizkuntzen eta kulturen aberastasuna omentzen dute.
Giuseppe Corongiu, Nicolò Migheli eta Maria Antonietta Piga epaimahaiek azaldu zutenez, "Ondras Saria ez da errekonozimendua soilik, misioa baizik". Hizkuntza gutxituak gure oraina eta historiaren zati bizi gisa ikusteko gonbidapena da. Giuseppe Corongiuk azaldu zuenez: "hiru urteren ondoren, ama-hizkuntza ikasten duten haurrek bezala, Ondras ere hazten ari da eta orain Europara begira dago".
Mauro Carta, Acliko eskualdeko presidentea, pozik adierazi zuenez, "Sardiniako Aclik beti jarri dio arreta sardinierari, eta polita da duela zenbait urtetik beste hizkuntza gutxituei lekua egitea. Aurtengo irabazleek erakusten dute hizkuntzak identitate-elementu esanguratsuak direla. Sari horren bidez, beraz, Aclik bere ekarpena egiten du eleaniztasuna eta kulturen arteko ulermena areagotzeko eta Europako hizkuntza eta kultura aniztasuna sustatzeko".