Emakumeendako Kirol Topaketak bueltan dira

Guaixe 2024ko aza. 4a, 11:00

Olaztin areto futboleko topaketa egin zenekoa. ARTXIBOA

Azaroaren 10ean, igandea, Haritz Zaharren Ibilbidea, eta azaroaren 24an, igandea, zoru pelbikoa lantzeko ariketak egitera gonbidatu ditu Sakanako Mankomunitateak emakume sakandarrak. Doaneko ekitaldiak dira, baina aurretik izena eman beharra dago, antolaketarako

Sakanako Mankomunitateak joan zen urtean martxan jarritako Emakumeendako Kirol Topaketak itzuli dira. Mank-ek, Nafarroako Gobernuaren eta Etxarri Aranazko eta Lakuntzako Udalen laguntzarekin, emakumeendako bi kirol ekitaldi antolatu ditu udazkenerako: azaroaren 10erako, igandea, Haritz Zaharren Ibilbidea egitea proposatzen zaie emakume sakandarrei, Etxarri Aranazko kanpinetik abiatuta. 10:30etatik 13:00ak bitarteko buelta polita izango da, baina euria egiten badu, B plana jarriko litzateke martxan: eskolako frontoian saskibaloi topaketa egitea. Partaide bakoitzak bere gosaria eta edaria eman beharko ditu, eta nahiz eta haurrendako ibilaldi egokia izan, aulkitxoendako ez da erosoa. 

Bestalde, azaroaren 24an, igandea, zoru pelbikoa lantzeko ariketak egiteko gonbitea egin zaie emakumeei, Lakuntzako kultur etxean, 10:30etik 13:00etara. Gosaria antolakuntzak jarriko du, eta haurrendako zaintza zerbitzua izango da. 

Izena ematea, zabalik
Ekimenak doanekoak dira, baina topaketaren aurreko asteazkenera arte (ibilbidearen kasuan azaroaren 6an eta zoru pelbikoa lantzeko ariketen kasuan azaroaren 20) eman behar da izena 948 46 48 66 edo 648 07 07 10 telefono zenbakietan. Behar duenak taxi zerbitzua izan dezake.