Astekaria

"Erronka berriari aurre egiteko oso motibatuta nago"

Maider Betelu Ganboa 2024ko aza. 6a, 14:00

Jorge Azanza Sotok zuzendari gisa bere unerik hoberenetarikoan dagoela aitortu du, erronka berrirako prest.

Euskaltel-Euskadi taldeak aldaketa asko egin ditu 2025eko helburua lortzeko: UCI Rankingean lehen 30 postuetan egotea. Jorge Azanza kirol zuzendaria "ilusionatuta" dago.

2025 denboraldiko azken ukituak lotzen ari da UCI Pro Tour mailako Euskaltel-Euskadi taldea, Jorge Azanza Soto altsasuarra zuzendari nagusi buru dela. 2025ean UCIko World Rankingeko lehen 30 taldeetan sailkatu beharko da derrigorrez talde laranja, eta helburua gauzatzeko aldaketa handiak datoz: fundazioko patronatuko zuzendaritza berria, txirrindulari eta kirol zuzendari berriak... Iraultza laranja dator, eta mugimendu handiko egunak dira hauek. "Gurea etengabeko lana da, 24/7/365. Lan handia dugu, taldean aldaketa nabarmena egon behar delako. Guztia antolatzen ari gara buru belarri" dio Azanzak, erronka handirako prest. 

AURTENGOA, URTE ZAILA
2024koa denboraldi zail xamarra izan da. Aurreikuspenak bete dira?
Espero zena baino beherago ibili gara. Talde sendoa genuen, gauza garrantzitsuagoak lortzeko gai zena. UCIko World Rankingerako puntu gehiago lortzea zen gure aurreikuspena. Baina dinamikan sartzea kosta zitzaigun, txirrindulari batzuek ez dute beren maila eman eta ez dituzte euren helburuak ongi bete, gure egutegiaren erdia ere World Tour mailakoa izan da eta hor zaila da puntuak lortzea... Azkenean, guztia batu zen, baina udatik aurrera gauzak hobeki atera ziren. Nahiz eta soilik lasterketa bat irabazi, Portugalgo etapa bat, taldeak beste maila bat eman du bukaeran, sendoagoa. 2025ean txirrindulari horiek bere lekuan badaude eta etorriko direnek euren maila ematen badute, talde polita izango dugu ditugun helburuei eusteko.

Zortea ere ez duzue alde izan. Ibai Azurmendik txirrindularitza utzi behar izan zuen bihotzeko arazoak tarteko, eta Mikel Iturriaren eroriko larriarengatik bi baja garrantzitsu izan zenituzten.
Bai, eta horri aurrekoa gehituta, gauzak ez dira espero bezala atera. Dena den, horrek ere perspektiba bat ematen dizu, egoerari egokitu beharra dugula jabetzeko. Gainera, egoerarengatik ezin izan dugu egutegi hobeago bat egin. Datorren urteari begira xehetasun horiek lantzen baditugu, arazo horiek sufrituko ez ditugulakoan nago.

Vueltako zenbakiak onak izan dira: zortzi ihesaldi, podium bat, Matéren hirugarren etapako mendiko lidergoa, lehiakortasunaren lau sari, sei Top-10... baina Kern Parmaren hiru garaipenek zuen lana bigarren maila batean utzi zuten.
Ez bakarrik gurea, World Tour mailako taldeena ere bai. Gure helburua egin genuena egitea zen: aurtengoa gure Vueltarik hoberena izan da. Gure aurreikuspena UCI sailkapenerako 350 puntu inguru ateratzea, Top 10etan sartzea eta Aberasturirekin lehiatzea zen. Lortzear egon ginen, Aberasturi etapa batean hirugarren izan zelako. Sei-zazpi etapatan Top 10ean sartu ginen, eta 400 puntu eskuratu genituen. Baina Kern Pharma agertu zen, eta nolabait gure lorpenak estalita geratu ziren. Nolanahi ere, Vueltan egin beharrekoa egin genuen eta pozik gaude.

"UCI Rankingean lehen 30 postuetan sailkatu beharra dugu; hortik datoz aldaketak"

UCIko World Rankingeko taldekako sailkapenean 39. sailkatu zarete.
UCI-ren World Rankingarekin lortu nahi dutena da lasterketa guztietan lehiakortasuna egotea. Puntuak lasterketan lortzen dituzun postuen arabera lortzen dira. Lehen 25 postuetan sartzeagatik 25, 40 edo 60 puntu ematen dituzte, lasterketaren arabera. Hau tentsio puntu bat da talde guztiendako, World Tour mailakoek euren maila ere galdu dezaketelako. Gu 39. sailkatu gara (1.334 puntu), nahiko justu. Lehen 40 postuetan sailkatuko ez bagina, ezingo genituzke itzuli handietako gonbidapenak jaso. Datorren urterako rankingeko lehen 30 taldeetan sailkatzea da erronka, eta 2.500-3.000 puntu inguru lortu beharko ditugu horretarako. Horregatik eman zaio taldeari eman zaion aldaketa. 

Rankingean goian egoteko, lehen postuetan egon beharra dago. 
Txirrindularitza asko aldatu da. Lehen talde lana egiten zen, liderra lagundu, ihesaldietan sartu... batez ere taldea ikustea, hori bilatzen zen. Gaur egun, hori egiten baduzu 0 puntu lortuko dituzu. Lehiatzeko modua aldatu da, eta agerikoa da. Tourreko etapa lauetan ez dago apenas ihesaldirik; azkeneko kilometroetan dena eman eta lehen postuetan sailkatzeko gordetzen dira indarrak. Hori, gure garaian, pentsaezina zen. Egun, monopolio handia dago. Bizpahiru talde eta txirrindulari zehatz daude goian, eta lasterketetan beraiek baldin badaude, talde horiek kontrolatzen dute proba eta gidoia ia berdina da beti.



IRAULTZA LARANJA

2025ean lehen 30 taldeen artean sailkatzea lortzeko bidean aldaketa asko egin dituzue. Hasteko, Euskadi Fundazioak lehendakari berria du, Iñaki Isasi, Euskaltelen taldekide izandakoa, lagun handia.
Fundazioko lehendakari izateko oso pertsona aproposa da. Serioa da, langilea, eta babesleekin lotura eta bermea emango diguna. Bera eta fundazioko patronatuan sartu den jende berria ikuspuntu berri bat ematen ari zaie fundazioari, beharrezkoa zena. 

Marton Dina, Jordi Lopez, Paul Hennequin, Louis Sutonn Jon Agirre, Ander Gantza, Jokin Murgialdai, David Dekker eta Danny Van der Tuuken fitxaketak iragarri dituzue. Euskaltelek harrobi lana egin du beti, Laboral Kutxa afizionatuen taldea du. Pentsatzekoa da harrobian oinarrituko zaretela, kanpoko zenbait fitxaketarekin batera.
Gure nahi nagusia harrobiarekin lan egiten jarraitzea da beti. Baina aurten gertatu zaigu harrobitik etorri diren batzuek ez dutela aurrerapauso hori eman, eta ez direla gai izan beharrezko puntu horiek lortzeko. Eta horregatik etorri da birmoldaketa. Merkatuan zer hartu genezakeen ikusita, hartu genitzakeenak hartu ditugu, esaterako Jon Agirre, oso eskalatzaile fina, Kern Pharmatik, baita Jokin Murgialdai, Rural Kutxatik. Laboral Kutxa harrobitik Ander Ganzabal saltoa emateko prest ikusi dugu, baina gainontzekoak ez. Euskaldun bat baldin badago, dugun postu hori euskaldunari emango diogu, baina beti ezinezkoa da; horregatik, zenbait atzerritar sartu ditugu, pauso hori ematen ez badugu, taldeak agian berea egingo duelako. Egutegi egoki batekin puntuak lortu ditzaketela uste dugu.

"Txirrindularitza asko aldatu da; ez bazara lehen postuetan sartzen, 0 puntu dituzu"

Euskal Herria beti izan da txirrindulari onen harrobia. Harrobiak behera egin al du?
Ez, baina guztia aldatu da, profesionalizatuago dago. Egun, junior onenak zuzenean pasatzen dira talde kontinental edo profesional handietara, eta horrek amateur mailan eragina izan du, afizionatuetan agian kalitate puntu hori falta delako. Egun, oso goiz pasatzen dira profesionaletara; batzuk ongi moldatzen dira, baina beste batzuk ez daude aldaketarako prest, eta baja eman behar zaienean hori ere guretako oso mingarria da. 

Zaleak eta fundazioko bazkideak aldaketa hauek ulertzen ari dira?  
Bai, eta ulertzen ez dituztenak egungo errealitatean ez direla kokatu uste dut. Txirrindularitza aurrera doa, eta guk hor egon nahi badugu, horretara joan beharko gara. Soilik euskaldunen taldea egin genezake, eta proba garrantzitsuetan egoteari uko egin, baina zein babeslek jarriko luke dirua proiektu horretarako? Hau korapilo bat da, eta babesleek taldea Vueltan, Lieja-Bastogne-Liejan eta halakoetan ikusi nahi dute. Eta puntuak lortzen ez badituzu, ezin duzu bertan egoteko aukerarik. Inork uste al du Real Sociedad talde euskalduna ez denik? Gurea ere talde euskalduna da, hamabost txirrindulari euskaldun izango ditu. Gure helburua txirrindulari euskaldunekin lehiatzea da; urte batzuetan zailtasun handiagoak izango ditugu, eta egongo dira beste batzuk agian lau txirrindulari pasatuko ditugunak. 

"Iker Mintegi oso ondo aritu da. Aurrerapausoak emateko tartea du, 22 urte dituelako"

Iker Mintegi Claver altsasuarraren lehen profesional urtea izan da hau. Itxura ona eman du.
Oso ondo aritu da. Ez nau sorpresaz harrapatu, egia esan. Zer egiteko gai zen banekien, baina hala eta guztiz ere, egin duen urtea oso ona izan da. Lehendabiziko lasterketan, Mallorcako Challengean, harrituta utzi ninduen, eta Mundialean eta Giro de Emilian emandako maila goraipatzekoa da. Oraindik aurrerapausoak emateko gai da, 22 urterekin oraindik asko amestu dezakeen txirrindularia baita. Espero dugu bere ibilbidean gurekin egotea, talde hau handiagoa egiten, beste txirrindulari batzuekin batera.

Babesleak dira proiektuaren zutarri garrantzitsua. Orbeak ez duela jarraituko jakitea sorpresa izan zen. Gainontzeko babesleak ongi lotuta daude? Proiektua sendoa da?
Bai. Ildo honetan, oso eskertuta nago Orbearekin. 20 urte eman ditut talde honekin, beti Orbea, eta ez daukat inolako kexarik. Ezer eta betirako, eta askotan bideak banatzea onuragarria izaten da bi aldeendako. Egunotan babesle berriekin ditugun hitzarmenen berri emango dugu. Oso pozik gaude sartu direnekin, oso gogotsu daude, itxaropentsu eta ilusio handiarekin. Horrek ere bultzada handia eman diezaioke taldeari.

 

"Babesleek eta zaleek taldea proba handietan ikusi nahi dute. Eta horretarako puntuak behar dira"


11 URTE, ERRONKA BERRIA

2015ean hartu zenuen Euskadi Fundazioaren zuzendaritza, taldea amateurra zela. Egun, Pro Tour mailako talde profesionala da, bestelako helburuekin. Ilusio berarekin jarraitzen duzu?
Izan ditut nire gorabeherak eta egon dira garai ezberdinak, baina, agian, egungoa une hoberenetarikoa da: oso motibatuta nago, aldaketa asko egon direlako, eta uste dut taldeak aurrera egiteko hau dela bidea. Oso motibatuta nago taldearekin datozen erronkei begira. Beti izango dugu gure identitatea, baina talde ezberdina izango da, eta aurreko urteetan baino hobeki antolatuta egongo garela uste dut.

Oraindik sorpresa gehiago etorriko dira?
Bai, oraindik nobedadeak iritsiko dira. Bi kirol zuzendari berri etorriko zaizkigu laguntzera. Esperientzia handia dute, eta proiektuari sendotasuna eman diezaiokete. Niretako bi hauek egin ditugun fitxaketa onenak dira, eta aurki aurkeztuko ditugu. Garrantzitsuena da txirrindulariak oso ondo gidatuta egongo direla. Finean, kotxean doanak asko pintatzen du, eta nik biengan konfiantza handia dut. Beraiek ere ilusioa dute, eta lanean ari gara buru belarri, guztiz motibatuta.

"Gureak euskal taldea izaten jarraituko du; hamabost txirindulari euskaldun ditugu"


Noiz izango da taldearen lehendabiziko hartu-emana?

Lehen kontzentrazioa Elgoibarren egingo dugu, azaroaren 11tik 14ra. Txirrindulari batzuk ez ditut ezagutzen; deiekin eta mezuekin egon gara etengabe, baina ez dugu elkar ezagutzen, eta eurekin biltzeko gogoa badut. Hiru egun horietan mediku probak egingo ditugu, txirrindulariak entrenatzaileekin bilduko dira, maillot berriak probatuko ditugu, argazkiak atera, babesleekin egon, bazkariren bat egin... Gero, ilbeltz aldean Altean bilduko gara entrenatzeko.

Talde berritu honekin zein da zure ametsa?
Taldeak gauzak ongi egitea, eta horrek bere emaitzak ekarri dituela eta gure helburu nagusiak bete ditugula erakustea; hau da, UCIko Rankingeko 30 lehen postuen artean bukatzea. Bestalde, txirrindulari batzuekin aurrerapausoa ematea da dudan beste nahia. Ez dut izenik eman nahi, baina badaude txirrindulari batzuk begiz jota ditudanak, eta uste dut aurrera egin behar dutela; hala egiten badute, talde polita izan dezakegula argi dut. 

Sakanako txirrindularitza nola ikusten duzu?
Hobeki egon da. Nire garaian agian hamar txirrindulari geunden World Tour mailako lasterketak egiten. Egun ez daude horrenbeste; Igor Arrieta eta Iker Mintegi dira agian ordezkari nagusiak. Arrieta oso ondo ikusten dut, World Tour mailan aurrera egiten, eta Iker Mintegik txirrindulari polita izateko itxura du. Eta atzetik, badatoz beste batzuk. Bidaia ez da erraza, ez lehen eta ez orain; eman beharreko aurrerapausoak nola ematen dituzten, hori da gakoa.