Iza, Goierri, Lautada eta Sakana AHTren Nafarroako korridorearen eta euskal Y-aren artean daude. Biak lotzeko trazadura zehazteko zundaketak egin behar dituzte, baina udal eta lur jabeak kontra daudenez ez dute horretarako baimenik eman. Horiek horrela, zundaketak egiteko gobernuen lurrak eta behin-behineko okupazioak eta urgentziaz prozedura erabiliko zutela jakinarazi zuten Ministeriotik. "Egiteko bide legala aurkitu dutela diote eta legala den, ikusteko dagoen arren, horrek ez du zilegi bihurtzen", adierazi dute STOP AHT Zundaketak ekimeneko kideek.
Haiek beraiek jakinarazi duenez, halako bat Adifen lurretan egin zuten Otxobin joan zen astean, "zundaketak egiteko baimenik gabe, jakinarazpenik egin gabe eta dermioko bideak erabiltzeko baimenik gabe". Ekimenetik adierazi dutenez, "zoritxarrez, ez gertaerak ez moduak ez gaitu harritu". Nabarmendu zuten AHT egitasmoaren kontrako aurkakotasun handia dagoela aipatutako lau ibarretan, eta hainbat modutara erakutsi dutela herritarrek eta tokiko erakundeek. Jakinarazi zutenez, orain arteko ahaleginek “azpiegitura bera osotasunean geldotzea eta Nafarroako korridore eta euskal Y-aren arteko tartean zehazki, urte eta erdiz atzeratzea lortu dute".
Kexu agertu ziren: “herritarren borondatea aintzat hartu eta egitasmoak herritarren eta egoeraren nahi eta beharretara egokitu ordez, AHTren negozioan interesa duten eta ahoa interes orokor hitzarekin betetzen zaien politikariek lege ingeniaritza darabilte, azpijokoz beren interesa gainontzeko guztioi inposatzeko". Horregatik, "zundaketa saiakeraren baten berri edo lekuko izatekotan, zundaketen aurkako ekimenaren telefonora (656711130) eta bertako udalera deitu. Une honetan zundaketak egiteko edozein puntutan ager daitezke. Baina horren aurrean, orain arte bezala, oso garrantzitsua da, gu guztion, herritar eta talde guztien ekimena". Bestalde, larunbatean Iturmendi eta Bakaiku artean eginen den mendi martxan parte hartzeko deialdia egin zuten.