Etxebizitza

Sakanan 8.199 etxebizitza daude

Guaixe 2024ko aza. 4a, 09:37

Iturmendi eta Bakaikuko ikuspegia Urdiaingo eliz dorretik. ARTXIBOA

Etxebizitza parkearen herena mende honetan eraikitakoa da, babes ofizialekoa %12, besterik ez. Etxebizitza jabetzan izateko joera nagusia da Hego Euskal Herrian: Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) %81,2, Nafarroan %82,6 eta Sakanan %92,7. Alokairuan, berriz, EAEn %14,3 bizi dira, Nafarroan %13,7 eta Sakanan %7,3. 

Ibarreko etxebizitza parkeak 2020an gainditu zuen estreinakoz 8.000ko muga, urte hartan 8.044 etxebizitza baitzeuden ibarrean. Bi urteren ondoren 8.199 etxebizitza ziren ibarrean. Bestalde, Sakanan 2000 eta 2024 urteen artean 2.713 etxebizitza eraiki ziren (2022ra arte 2.688). Horiek kontuan izanik, Sakanako etxebizitza parkearen %32,54 mende honen lehen 22 urteetan eraiki da. Sakanak 20.541 biztanlerekin bukatu zuen 2023a. Beraz, bataz beste, etxebizitza bakoitzean 2,5 pertsona bizi dira.  

Hala ere, etxebizitzen eraikuntza erritmoa ez da homogeneoa izan. 2000 eta 2011 urteen artean Sakanan 2.416 etxebizitza eraiki ziren, bataz beste, urteko 201 etxe. Ekonomia krisiaren ondoren eraikuntza erritmoa izugarri jaitsi zen eta 2012 eta 2024 artean 297 etxebizitza eraiki ziren, bataz beste 22,84 etxebizitza urteko. Eraikitako etxebizitzen tipologiari dagokionez, 2.713 etxebizitzatik 2.365, %87,17, libreak ziren eta gainontzeko 326, %12,01, babes ofizialeko etxebizitzak ziren. 

Herriz herri 
Mendeko lehen 24 urteetan Sakanan eraikitako etxebizitzen %35,27, 957, Altsasun jaso dira. Etxarri Aranatzen etxebizitzen %13,09, 355, eraiki da. Ehuneko hamarreko mugatik gertu daude Irurtzun %9,80, 266, eta Lakuntza %9,33, 253. Ehuneko lau eta seiaren artean lau udalerri daude: Olatzagutia %6,04, 164; Arbizu %5,49, 149; Arakil %4,79, 130 eta Uharte Arakil %3,91, 106. Gainontzeko herrietan eraiki diren etxebizitzen kopurua %3tik beherakoak dira: Urdiain %2,80, 76; Ziordia %2,25, 61; Iturmendi %2,14, 58; Ergoiena %1,70, 46; Bakaiku %1,40, 38; Irañeta %1,25, 34 eta Arruazu %0,74, 20. 

Etxebizitzen tipologiari dagokionez, 2000 eta 2024 urteen artean eraiki ziren 2.365 etxebizitzetatik Altsasun %37,51, 887, daude. Jarraian heldu dira Lakuntza %10,11, 239, Etxarri Aranatz %9,56, 226 eta Irurtzun %8,20, 194. Koxka bat beherago daude Olatzagutia %6,81, 161, Arakil %5,50, 130 eta Arbizu %5,29, 125. Ehuneko lautik behera daude zazpi udalerri daude Uharte Arakil %3,55, 84; Ziordia %2,58, 61; Ergoiena eta Iturmendi %1,95, 46; Bakaiku %1,52, 36; Irañeta %1,44, 34 eta Arruazu %0,85, 20

Aztertutako aldian Sakanan babes ofizialeko 326 etxebizitza eraiki ziren. Datuei erreparatuta, deigarria da babes ofizialeko etxebizitza horien %55,82 (182) 2009 (45), 2010 (51) eta 2011 (86) urteetan eraiki zirela, higiezinen burbuilak eztanda egin eta eraikuntza enpresak saldu gabeko etxeekin gelditu zirenean. Aurretik, 2000 (27), 2001 (28) eta 2005 (48) urteetan babes ofizialeko etxebizitzen eraikuntzan kopuru esanguratsuak izan ziren, baina gainontzeko urteetan ez. Sakanan egin zen babes ofizialeko azken etxebizitza 2013koa da. Mende honetan egindako 2.713 etxebizitzetatik BOE %3,97 dira. 

Datuen azterketan deigarriena da zortzi udalerritan ez dela babestutako etxebizitza bakar bat ere eraiki mende honetan. Honakoak dira: Arakil, Irañeta, Arruazu, Ergoiena, Bakaiku, Urdiain, Olatzagutia eta Ziordia. Babestutako etxebizitza gehien jaso den udalerria Etxarri Aranatz izan da: %34,97, 114 etxebizitza. Gertu bi herri daude: Irurtzun %22,09, 72, eta Altsasu %21,47, 70. Koxka bat beherago daude lau herri: Arbizu %7,36, 24; Uharte Arakil %6,75, 22; Lakuntza %4,29, 14 eta Iturmendi %3,07, 10. 

Etxebizitzak herrika
Populazio handiena duten herriek dituzte etxebizitza kopuru handienak. Altsasun Sakanako etxebizitzen %37,82 dago, 3.101. Etxarri Aranatzen %12,34, 1.012 daude eta Irurtzunen %10,71, 878. Segidan heldu dira Olatzagutia %7,35, 603, eta Lakuntza %6,04, 495. Ehuneko bostetik gertu daude bi udalerri: Arbizu %4,94, 405 eta Arakil %4,79, 393. Gainontzeko zazpi udalerrietan etxebizitzen kopuruak apalagoak dira: Urdiain %3,20, 262; Ergoiena %2,04, 167; Iturmendi %1,91, 157; Ziordia %1,88, 154; Bakaiku %1,76, 144; Irañeta %0,73, 60 eta Arruazu %0,56, 46.