STOP AHT Zundaketak ekimenak deituta, Abiadura Handiko Trena (AHT) egiteko beharrezko zundaketan non eginen liratekeen jakiteko hirugarren mendi martxa egin zen, oraingoan Bakaiku eta Iturmendi artean. Martxako antolatzaileek azaldu dutenez, "mendi martxa horien helburua AHTaren kontrako herritarrak saretzea, tokian tokiko informazioa partekatu eta azpiegitura horren zundaketen kontrako borroka antolatu eta piztea da". Gogorarazi zutenez, "zundaketa saiakeren aurrean erantzuteko protokolo bat adostu zen duela urte eta erdi inguru. Hori dela eta, deialdi bakoitzean, tarte horretan egin nahi dituzten zundaketa puntuak ezagutzera joan gara".
Otxobin lastaileko azken aurreko astean egindako zundaketa oso kontuan hartu zuten antolatzaileek: "testuingurua aldatu egin da. Zundaketak mehatxu izatetik gauzatzen hasitako kaltea direlako jada”. Otxobin "zundaketen kontrako protokoloa aktibatu zuten, horrek erantzun azkarra ahalbidetu zuen eta oraingoz, behin-behinean, gelditu dira". Azaldu zutenez, "Otxobira zundaketak egitera joandako langileek erakutsitako balizko baimenean Zuasti-Izurdiaga eta Uharte Arakil-Etxarri Aranatz eremuak ageri ziren. Baina "Otxobin ezustean agertu bezala, aurretik seinalatutako beste edonon ager daitezke".
Mendi martxaz
AHTren kontrako ibiltariak Iturmenditik Bakaikurantz abiatu ziren Bargaren azpitik. Bakaikun beste hainbat kiderekin elkartu eta basabera jo zuten 70 lagun inguruk, han kokatzen baitira egin asmo dituzten bi herri horien eremuko zundaketa puntuak. Ibilbidean zehar AHTaren igarobide izatea nahi duten inguruak, AHTrendako aztertzen ari diren aukera posibleak eta horrek eragingo lituzkeen kalteei buruzko azalpenak eman zituzten bertako herritarrek eta udal ordezkariek. Horretaz aparte, goi tentsioko lineen kontrakoek ere hitza hartu zuten eta egitasmo horren nondik norakoen berri eman zuten. Inguruneaz, ibilbideaz, azalpenez eta hamaiketakoaz ase, Aritzaga baselizaraino iritsi ziren. Han azken talde argazkia atera eta, berriz ere, Iturmendira itzuli ziren. Han protokoloa gogoratuz mendi martxari bukaera eman eta elkarrekin bazkaldu zuten.