Valentzia astindu duen hondamendiak hildako ugari eta kalte material izugarriak utzi ditu. Herritarrei ahal den neurrian lagundu asmoz, Altsasuko bi puntutan bilketak egiten hasi dira. DYAk Bakea kalearen 53. zenbakian duen bajeran elikagaiak, garbiketarako produktuak (lixiba, eskularruak, musukoak...), gomazko botak, palak, pertzak, gluten edo laktosa gabeko produktuak eta bestelakoak jasotzen ari dira. Azaroaren 8ra arte, ostiralera, egunero 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara jasoko dituzte.
Biak Bat elkarteak ere bere egoitzan bilketari ekin dio. Garbiketa eta norberaren higienerako produktuak, arropa, jatekoak eta bestelakoak jasotzen dituzte. Azaroaren 7ra arte, osteguna, 09:00etatik 13:00etara ariko dira produktuak jasotzen. Ostiralean eramanen dute Valentziara. Azkenik, azaroaren 4an ura, jatekoak eta premiazko gauzak jasoko dituzte Juli Beauty establezimenduan, Gartzia Ximenez kalearen 8an. Jasotakoa kamioian azaroaren 5ean, asteartea, bidaliko dute.
Izurdiagako Kontzejuak ere katetutako valentziarrak laguntzeko material eta jaki bilketa eginen du. Bilketa kontzeju etxean eginen dute, azaroaren 5ean eta 6an, asteartea eta asteazkenean, 17:00etatik 20:00etara. Honakoak eramatea eskatu dute: ura, esnera, hutsean ontziratutako fianbreak, ontziratutako jatekoak, atun latak, pertsonen eta etxeen garbiketarako produktuak, pixoihalak, konpresak eta musukoak.