Errigorak Eman bultzada, indartu euskara leloa aukeratu du aurtengo Agerreko uzta, euskarari puzka kanpainarako. Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko produktuz betetako hiru saskiren eskaintza egin du. Haien balioaren %25 inguru hartako euskalgintzara bideratuko dute. Zehazki, AEKri, ikastolei, Sortzeni eta Agerraldiari. Errigorako kide Haizea Lizarbek kanpainaren aurkezpenean adierazi zuenez, "ekin eta ekin, urteak dira jada Nafarroa hegoalde eta erdialdean (Ager eremuan) euskara sustraitzeko lurra landu eta iraultzeko lanetan gabiltzala. Lur emankorretan landatutako haziak sustraitzen hasiak dira dagoeneko, eta poliki-poliki lur berrietara hedatzen doaz".
Haiek sustatzen duten ekimenaz aritzean, Lizarbek adierazi du: "auzolan erraldoi batean lantzen dugu lurra, euskaltzaleon arteko elkartasunez ematen diogu zolari behar duen eguzki, ur eta haizea. Uztak, ordea, ez dira beti onak. Maiz topatzen ditugun harri kozkorrei aurre egin behar zaie, baina hor egon behar du beti herriak, amore eman gabe auzolanean Iparra galdu gabe, urtaroz urtaro elkartasuna txikitu ordez, biderkatuz".
Lanketa horren ondorioz, "Ager eremuan ari gara euskarari lurra ematen; euskaltegietan, ikastoletan, ikastetxeetan eta baita hortik kanpo ere. Lurralde zabalean euskara libre hedatu dadin elkarrekin puzka dihardugu. Herriz herri eta esparruz esparru (kirolean, hezkuntza ez formalean, kulturan, hizkuntza paisaian, aisialdian…)", azaldu du Li9zarbek. Errigorako kideak gaineratu duenez, "Agerrean euskara hasia da loratzen eta horregatik jarraitu behar dugu ureztatzen, indarrez eta osasuntsu hazi dadin. Mugatu eta apaltzea helburu duten sasien gainetik eta lainoen azpitik. Lorpen txikiak ospatuz euskarari merezi duen tokia emateko lanean jarraituko dugu".
Lizarbek nabarmendu duenez, "hasitako bidez eta aukera berriz beteriko ikuspegia dugu parean, eta horregatik gaur inoiz baino indartsuago ekin behar dugu. Aspaldi ikasia dugu bakar batek baino askoz gehiago egin dezakegula elkartzen bagara". Horregatik, deia egin du: "euskara hauspotzeko lanean dabiltzan eragileek denon ekarpena behar dute baliabide ekonomikoz hornitzeko, baita haien eguneroko batailetan gainontzeko euskaltzaleen babesa eta arnasa senitzeko ere". Eta Errigoraren berri zabaltzeko eskatu die Euskal Herriko eragile guztiei.
Saskien barruan dauden produktuekin batera, aurtengo berritasunetako bat Agertuz karta jokoa da. Hori eskatzeko bost euro gehiago ordaindu beharko dira. Karta jokoa saskiekin batera saltzen da bakarrik, ez solte.
Saskiak eskatzeko epea azaroaren 14an, heldu den ostegunean despedituko da. Eskaerak Errigora.eus webgunean edota Irurtzun, Arbizu, Etxarri Aranatz eta Altsasuko ohiko tokitan egin daitezke. Eskatutakoa azaroaren akaberan edo abenduaren hasieran iritsiko da. Errigoratik "elkartasuna biderkatzera" deitu dute.
Hiru saski mota
Saski beltza (55 euro)
Piperrak, zainzuriak, orburuak, kardua, potxak, borraja, tomatea, teilak, mahats zukua, ardo beltza, ilarrak eta patxaran mantekatuak.
Saski berdea (65 euro, ekologikoa)
Piperrak, zainzuriak, orburuak, kardua, potxak, borraja, tomatea, teilak, mahats zukua, ardo beltza, ilarrak, patxaran mantekatuak.
Saski gorria (75 euro)
Ardo apartsua Rose, ardo beltza kriantza, ardo txuria, patxarana, mantekadak, polboroiak, txokolatezko molineritoak, zainzuriak, turroia, piperrak eta ardi gazta.