Valentziarako produktu bilketa emankorra

Alfredo Alvaro Igoa 2024ko aza. 11a, 11:00

Valentziara Altsasutik joandako furgoneta bat DYAren bajera parean aparkatuta.

Arakildarrak, irurtzundarrak eta altsasuarrak antolatu eta valentziarrei laguntza emateko bilketak antolatu zituzten joan zen astean. Jendearen joan-etorria etengabea izan zen bilketa puntuetan. Irurtzungo Udalak dirua biltzeko kontu korrontea zabaldu du

Valentzia astindu zuen denboraleak herritar kaltetu ugari utzi ditu. Herritarren artean sortutako premiak ikusita, arakildarrak antolatu eta jaki eta produktuen bilketa egin zuten Izurdiagan eta Etxarrenen. Materiala jasotzen eta antolatzen hainbat arakildar aritu ziren. Jasotakoa azaroaren 8an, ostiral arratsaldean, Valentziara bidali zuten. Irurtzunen ere zenbait denda eta herritar elikagaien eta oinarrizko produktuen elkartasunezko bilketa bideratu zuten. Udalak kontu korrontea zabaldu eta mila euro jarri ditu bertan. Laboral Kutxako ES43 3035 0120 95 1200016486 kontu korrontea zabalik dago hilaren 14ra arte, herritarrek ekarpenak egiteko. Jasotako dirua Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren bidez kudeatu eta bidaliko dela jakinarazi du udalak.

Lakuntzan Sakanako GKSko kideak egon ziren materiala biltzen azaroaren 6an eta 7an, asteazken eta ostegunean, 17:00etatik 20:00etara. Bilketa gure hildakoak, haien irabaziak lelopean egin zuten. 

Altsasu
Valentziarrak laguntzeko asmoz, "altsasuar talde bat bilketa egiteko lokal bila zebilen eta Altsasuko DYAk berea eskaini zien. Bajeran genituen bi ibilgailuak atera genituen eta bertan ari gara jaki bilketa egiten", azaldu zuen DYAko kide Juanjo Calvo De la Fuentek. Azaldu zuenez, "lehen egunetik gainezka ibili gara. Astelehenean zabaldu genuenerako jendea zain genuen atean". 

DYAk Altsasuko Bakea kaleko 53. zenbakian duen bajeran azaroaren 4az, astelehenaz geroztik jendearen joan-etorria handia izan zen. Eskutan, erosketa gurditan edota autoaren maletategian eraman zituzten. Gainera, beste bilketa gune batzuetan jasotakoa ere hara eraman zieten, esaterako, Olatzagutiko Barandi tabernakoek. Boluntarioak bajeran 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara bajeran egon ziren. "Ikusiko dugu bilketa luzatuko dugun edo ez", azaldu zuen Calvok. Premia-premiazkoak diren gauzak jaso zituzten: elikagaiak, garbiketarako produktuak (lixiba, eskularruak, musukoak, xaboiak...), gomazko botak, erratzak, palak, pertzak, gluten edo laktosa gabeko produktuak eta bestelakoak. 

Astean zehar laurogei bat pertsona aritu ziren herritarrek eramandakoa jasotzen, sailkatzen eta ontziratzen. Edozeinek zeukan eta barne lan horretan laguntzeko aukera. Are gehiago furgonetak betetzeko garaian. "Bi pertsonek beraien furgonetak eskaini zituzten jasotakoak Valentziara eramateko". DYAko kide Iñaki Lazkano Rosak azaldu zuenez, "kamioi bat betetzeko adina jaso dugu, baina han banaketa lanak egiteko hobe da furgonetan eramatea". Hiruzpalau bidai aurreikusiak zituzten. Aurrenekoa, Barranka txirrindulari taldearen furgoneta, asteazken arratsaldean bete zuten. "Valentzian bizi den iruindar batekin gaude harremanetan eta berak esan digu zer zen premia gehien zuen materiala. Bera arduratuko da hango herrietan banatzeaz". Jendeak izandako erantzunarekin, bai laguntzeko, bai gauzak ematen, "pozik" zeuden DYAko kideak. 

Biak Bat elkarteak ere bere egoitzan bilketari egin zuen azaroaren 7ra, ostegunera arte. Goizez jaso dituzte produktuak, baita arropa ere. Josune Azpiroz Imazek azaldu du zergatik ekin zioten bilketari: "uholdea sufritu genuenean guk laguntza jaso genuen. Gutxi asko da ezer ez duzunean". Azpirozek azaldu zuenez, lau egunetan "jendea etengabe pasa da. Batzuk lehenik galdetzera etortzen ziren, premiazkoa dena gero ekartzeko". Biak Bateko kideek jasotakoa azaroaren 8an, ostiralean, eramanen dute.