Atletismoa

Sakandarrak ederki Iruñeko harresietan

Guaixe 2024ko aza. 9a, 10:00

Guztira 5.000 pertsona baino gehiago zeuden izena emanda. UNAI BEROIZ

Sakandar askok hartu zuten parte Iruñeko Gotorlekuaren inguruan larunbat arratsalde-iluntze aldera antolatu zituzten distantzia ezberdinetako probetan. 

Azaroaren 2an 11. Harresien Lasterketa jokatu zen Iruñean, arratsaldean hasi eta iluntzean despeditzen den lasterketa ezaguna, Iruñeko Gotorlekuan barrena aritzen dena. Urtetik urtero parte hartzea handiagoa da: aurten 5.000 korrikalari baino gehiago zeuden izena emanda, eta lau distantzien artean aukeratu zuten: Baluarte (21 km), Harresien Lasterketa (15,9 km), Gotorlekuko lasterketa (10,5 km) eta Forteko Lasterketa (5,5 km). 

Mendieta eta Zubiria
Sakandar askok parte hartu zuten lasterketetan. Proba laburrenean, Forteko Lasterketan (5,5 km), Ruben Mendieta podiumera igotzear egon zen. Joan zen urtean bezala, korrikalari olaztiarra laugarren iritsi zen helmugara. Andoni Acebedo izan zen azkarrena (15:22), Aiert Mendioroz (15:54), Pablo Lassa (16:05) eta Ruben Mendieta korrikalarien (16:22) aurretik. Mendieta hobeki aritu zen, baina hori ez zen podiumera sartzeko nahikoa izan. Emakumezkoetan Maria Alduan gailendu zen (18:07), sailkapen orokorrean 20. Ainhoa Zubiria lakuntzarra Top 20an sailkatu zen, hamabosgarren izan baitzen (22:38). Guztira 1.194 korrikalarik bukatu zuten proba. 

Senar eta Azazeta
Gotorlekuko lasterketa (10,5 km) izan zen lauren artean jendetsuena, alde nabarmenarekin. 2.192 korrikalarik osatu zuten Gotorlekuko pasabideetatik barna ibili zen lasterketa. Mikel Faber gailendu zen (34:57), baina Adur Senar lakuntzarra oso fin ibili zen, hamargarren sailkatu baitzen (37:13). Emakumezkoetan, Sara Reglero izan zen azkarrena (37:13), sailkapen orokorrean bederatzigarren. Olatz Azazeta sailkapen orokorrean 95. sailkatu zen, emakumezkoen artean zazpigarren (43:40). 

Pellejero, Acebes eta Aristu
Harresien Lasterketa (15,9 km) 728 korrikalarik osatu zuten guztira, Asier Gutierrez (53:39) buru zela. Top 20an bi sakandar sailkatu ziren: Asier Pellejero lakuntzarra hemeretzigarren izan zen (53:39), eta Gorka Acebes olaztiarra hogeigarren (1:00:34). Emakumezkoetan, Amaia Melerok ez zuen areriorik izan (1:00:47). Amaia Aristu olaztiarra bosgarren emakumezkoa izan zen, sailkapen orokorrean 114. (1:09:47). 

Mikeo
Proba luzeena, baina parte hartzerik txikiena izan zuena, Baluarteko Lasterketa izan zen (21 km). Lehia estua izan zen, baina Victor Bernedok aurrera hartu eta bakarrik iritsi zen helmugara (1:11:08). Top 20an sakandar bakarra dago, Jose Ignacio Mikeo. Korrikalari lakuntzarra hemezortzigarren sailkatu zen (1:24:35). Emakumezkoen txapelduna Erica Villa izan zen (1:25:15). Ez zen emakume sakandarrik aritu.