Valentziako herriarekin elkartasuna

Guaixe 2024ko aza. 8a, 12:16

Palarekin errepidea konpontzen. VALENTZIAKO DIPUTAZIOA

Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak emandako ahokuei jarraituz, Uharte Arakilgo, Lakuntzako, Urdiain eta Ziordiko udalek laguntza bideratzen ari dira.

Tanta hotzak Valentzian ondorio larriak eragin ditu, eta han bizi diren pertsonak egoera kritikoa dute. Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak emandako aholkuei jarraituz bideratuko dute laguntza Uharte Arakil, Lakuntza, Urdiain eta Ziordiko udalek. Federazioa hainbat erakunderekin koordinatuta ari da lanean, toki entitateek eman dezaketen laguntza modu eraginkorrean bidera dadin. 

Federació Valenciana de Municipis i Provincies-ek Nafarroakoari adierazi dio une honetan ez dutela behar adinako gaitasunik oinarrizko produktuak biltegiratzeko eta banatzeko. Beraz, egokiena litzateke mota horretako produktuak biltegiratzea eta sailkatzea bidalketak berriro abiatzen diren arte. Valentziatik jakinarazi dutenez, orain makineria eta langile espezializatuak behar dituzte.

Azkenik, federazioak adierazi du une honetan eragindako eremuetan lan egiten duten erakundeei egindako dohaintza ekonomikoak dira lehentasuna. Uharte Arakilgo Udalak 400 euroko ekarpen ekonomikoa egingo du, Lakuntzakoak 1.000 eurokoa eta Urdiaingoak 675 euro (euro bat urdindar bakoitzeko). Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren bitartez bideratuko dute dirua hirurek. Urdiaingo Udalak, bestalde, kontu korrontea zabaldu du nahi duten herritarrek han ekarpena egin dezaten: ES53 2100 3729 2722 0009 4084. Azaroaren 30era arte jasoko dute dirua eta bildutakoa Nafarroako federazioari emanen diote. Ziordiko Udalak, bestalde, 500 euro eman ditu.