Ahizpatasuna josteko deialdia

Guaixe 2024ko aza. 8a, 12:46

Emakumezkoak elkarrekin josten Etxarri Aranazko plazan. ARTXIBOA

Kanpaina batek indarkeria sexistaren kontra eta berdintasunaren alde jostera gonbidatu du, hala Emakume Artibisten Nazioarteko Sarea sortzeko.

Sakanako Mankomunitateko Berdintasun Zerbitzuak Tu puntada tiene un hilo ekimenarekin bat egiteko deia egin du. Ekimena sustatu duten hiru elkarteek adierazi dutenez, "emakumezko guztiendako mundu berdinzale, zaindu eta seguruagoa ehuntzeko garaia da". Ekimenaren helburua da emakume artibisten mundu mailako sare bat sortzea, "gure josteko eta ehuntzeko artea berdintasuna aldarrikatzeko eta indarkeria sexistari aurre egiteko erabiltzeko". Horregatik eskatu dute "zure herritik hari bat luzatu berdintasunaren alde eta genero indarkeriaren kontra". 

Ekimenarekin bat egin nahi dutenek 10 cm-ko zabalera eta 70 cm-ko luzera duen oihal zati bat josi, puntuz egin edo brodatu beharko dute. Hori eginda, kanpainak sare sozialen bidez eskura jarritako QR bidez txartela deskargatu eta egindako lanean erantsi txartelean idatzitako mezuarekin batera. Sortutako oihal zatia herriko toki esanguratsu batean jarri eta argazkia ateratzea izanen da hurrengo pausoa. Argazkia berdintasuna@sakana-mank.eus helbidera bidali behar da azaroaren 22rako. Mank-eko Berdintasun Zerbitzuan jasotako argazkiak erakunde antolatzaileari bidaliko dizkio eta  mundu mailako ekimenarekin bat egin. Nahi izanez gero egindako argazkiak sare sozialetan partekatu daitezke #TuPuntadaTieneUnHilo traola erabiliz. Era berean, sustatzaileek norberaren inguruko emakumeak ekimenean parte hartzera gonbidatzeko eskatu dute.