Bi zauritu auto istripuetan

Guaixe 2024ko aza. 11a, 08:39

Suhiltzaileen kamioia eta anbulantzia. ARTXIBOA

Bi gidariak arin zauritu ziren. Ezbeharrak autobietan izan ziren.

Aurreneko istripua Irurtzungo dermioan izan zen, Leitzarango Autobiako (A-15) 114. kilometroan. 25 urteko emakume bat zauritu zen, ibilgailuarekin bidetik irten eta erdibitzailean gelditu ondoren. Ezbeharra larunbatean 10:18an gertatu zen eta autoaren gidaria Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman zuten, pronostiko arinarekin. Cordovillako suhiltzaileak, Irurtzungo osasun etxeko mediku taldea, oinarrizko bizi-euskarriko anbulantzia eta Foruzaingoa bertaratu ziren istripua izan zen tokira.

Bestetik, 23 urteko gizonezko bat arin zauritu zen igandean 16:59an. Sakanako Autobiako (A-10) 17. kilometroan, Arbizuko dermioan, ibilgailua bidetik irten eta hainbat buelta eman zituen. Gidaria, arin zaurituta, Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman zuten. Ezbeharra gertatu zen lekura bertaratu ziren Altsasuko suhiltzaileak, oinarrizko bizi-euskarriko anbulantzia eta Foruzaingoa.