Sunsundegui birbideratzeko ahaleginetan, Nafarroako Gobernuak eskatu zuen enpresaren administrazio kontseilua berritzea Sodenak sei milioi euro eman ahal izateko. UPNk azaldu duenez, sozietate publikoaren zuzendari nagusi Iñaki Larraya eta beste kontseilari bat izendatu zituzten enpresarako, Bixente Nazabal Auzmendi etxarriarra hain zuzen ere. Erregionalistek azaldu dutenez, Sodenak Sunsundeguiko administrazio kontseiluko idazkaritza lanak egiten ditu. "Sozietate publikoak bere garaian prentsa oharrean jakinarazi zuen Sunsundeguiko administrazio kontseiluaren osaera berria SODENArekin adostua izan zela".
UPNtik gogoratu dutenez, Nazabal "Jesus Ulaiar Liziaga Etxarri Aranazko alkate ohiaren hilketagatik zigortua izan zen. Eta Maria Chivite Navascuesen Gobernuko goi kargudunek administrazio kontseilua hiltzailearekin partekatzen dutelako harridura eta nazka" agertu dute. UPNren ustez, "onartezina da, era berean, Mikel Irujo Amezaga kontseilariak, Sodenako presidenteak, Ulaiarren hiltzailearen izendapena Sunsundeguiko Kontseiluan ezkutatu izana".
Horregatik, erregionalistek kontseilariaren presazko agerraldia eskatu dute. Halaber, jakin nahi dute Sodenak edo Gobernuak "objekzioren bat jarri dioten izendapen horri edo, aitzitik, inolako eragozpenik gabe onartu da ". Era berean, UPNkoek jakin nahi dute jasotako ordainsariak zein diren eta enpresan beste izendapenik gehitu duen.
Erregionalistek adierazi dutenez, "sumingarria da Ulaiar familiari beste sufrimendu bat eranstea, eraila bizi zen inguruko enpresa nagusietako batean kargu garrantzitsua emanez. Ez dugu ahaztu behar ETAren biktimaren familiak Etxarri Aranaztik alde egin behar izan zuela, kartzelatik irten ondoren hiltzailea omendu zuten bitartean", nabarmendu dute erregionalistek. Hori dela eta, UPNk "umiliazio berri horren aurrean duten maitasuna eta elkartasuna" helarazi dio Ulaiar familiari.