Astekaria

Altsasu eta Valentzia arteko elkartasun linea

Alfredo Alvaro Igoa 2024ko aza. 18a, 09:50

Altsasu eta Valentzia arteko joan-etorria egin zutenetako batzuk. UTZITAKOA

Tanta hotzak eragindako kalteei aurre egiteko jasotako materiala Valentziara eramateko hamar ibilgailu joan ziren. Altsasun eta Olatzagutian bilketak jarraitzen du eta hura garraiatzeko berriro errepidera aterako dira.

Hondamendiaren zero gunean azaroaren 9an ikusitakoa ez zaio ahaztuko Aritz Barandiaran Albiztur olaztiarrari: "hura guztia zuzenean ikustea eta telebistan ikustea, ez dago alderik. Miseria, lohia, autoak hondatuta, zaborra... erabateko kaosa dago". Barandiaran eta beste hamabost sakandar zazpi furgonetatan eta kamioi batean Valentziarantz abiatu ziren azaroaren 9an, 06:00etan. Ibilgailuetan Altsasuko DYAren bajeran eta Olatzagutiko Barandi tabernan jasotako materiala zeramaten. Aurretik, ostegunean bi furgoneta bidali zituzten. 

Bost ordu eta erdiko bidea egin zuten karabanan. Ibilgailuek elkartasuna garraiatzen zutela adierazten zuten kartelak zituzten itsatsiak. "Valentziako sarreran ibilgailuetako pilotu kideek eskuak batu eta esker keinuak egiten zizkiguten. Oiloipurdia jarri zitzaigun", azaldu du Barandiaranek. Paternan zuten hitzordua Patxi Perez Baenarekin. Iruindarrak 25 urte daraman Valentzian bizitzen eta berak gidatuta Algemesira joan ziren. "Sarbideak zikin-zikinak zeuden, furgonetekin sartzeko nahiko lan izan genuen. Trailerrak eskaini dizkigute, baina han ezin dira ibili. Perezek zuen kontaktu batengana joan ginen zuzenean". 

Barandiaranek argitu duenez, "gure nahia da eramaten duguna zuzenean jendearengana iristea. Horregatik, bajera batean deskargatu eta antolatu genuen eramandakoa. Kudeatzaile bat dago eta premia dutenei banatzen diete zuzenean. Han ginela jendea agertu zen. Ez dakizu zer eskertua egon daitekeen pertsona bat esne kaxa bat jasotzeagatik. Den-dena galdu duen jendea da, soinean duten arropa emandakoa da". Gaineratu duenez, bidean poligono batean, kalean, pilatutako makina bat dohaintzako palet ikusi zituzten. Olaztiarrak esan duenez, "kaosa hain da handia denak gainezka egin diela. Hilabeteak beharko dira guztiari buelta emateko. Oraintxe makineria astuna behar dute". Han zeudela gazteen elkartasun jarduna gako izaten ari dela gaztigatu zieten. 

Bitartean, DYAren Altsasuko bajeran bilketari berrekin zioten azaroaren 13an eta hiru egunez egon ziren. Olatzagutiko Barandi tabernan ere jaso zituen produktuak. "Zegoen denboraleagatik jasotakoa aste honetan eramanen dugu. Perezekin koordinatuko gara berriro. Oraingoan zero gunera sartzeko Generalitat-aren baimena dugu". Esker ona azaldu die udalei eta dohaintzak egin dituzten sakandar guztiei.