Astekaria

Santa Zezilia egunean, musikariak kalera

Erkuden Ruiz Barroso 2024ko aza. 19a, 08:14

Altsasuko txistulariak urtero ateratzen dira Santa Zezilia egunean. ARTXIBOA

Azaroaren 22an, ostirala, Musikaren Nazioarten eguna izanen da, eta egunean bertan Zarata txarangak, Altsasuko txistulariek eta Altsasu Kantuzek kalejirak eginen dituzte. Larunbatean, Haize Berriak banda, Etxarri Aranazko eta Erkudengo Ama abesbatzen emanaldiak izanen dira.

Tradizio kristauaren arabera, III. mendean Zezilia martirioa jasaten ari zela kantuz hil zen, saindua bihurtuz. Kristau ikonografian, beraz, Santa Zezilia organoa jotzen eta kantatzen agertzen da, eta musikarien zaindaria da. 1975. urtean Musikaren Nazioarteko Batzordeak azaroaren 22an, Santa Zezilia heriotzaren egunean, Musikaren Nazioarteko Eguna izendatu zuen. Hortaz, sinisduna izan ala ez izan, musikaren eta musikarien eguna da azaroaren 22an, eta ospatzeko musika emanaldiak izan ohi dira. 

Sakanan Santa Zezilia ospatzeko ohitura handia dago, eta azaroaren 22an, ostirala, zenbait emanaldi izanen dira. Lakuntzan Zarata Txarangaren kalejira izanen da. 19:00etatik aurrera, gutxi gora behera, abiatuko dira kalez kale. Zarata Txaranga Lakuntzako herri eskolan sortutako txaranga da, eta lehenengo musikarien eguna ospatuko dute aurten. 

Sakanan ere Santa Zezilia ospatzeko ohitura dago, eta azaroaren 22an bertan, ostirala, Zarata txarangaren kalejira izanen da Lakuntzan, 19:00etatik aurrera, gutxi gora behera. Zarata txaranga Lakuntako herri eskolatik sortutako txaranga da, eta lehenengo musikarien eguna ospatuko dute aurten. 

Musikarien sainduaren egunean bertan ere aterako dira Altsasun txistulariak eta Altsasu Kantuz. Txistularien kalejira ohikoa da; Santa Zeziliari martxa jotzen joaten dira eta Kruz Mari Martinez txistulariak esan duenez, oso kalejira "alaitsua eta polita" da. Haien eguna txistulari eta lagunen afari batekin ospatzen amaituko dute.

Altsasu Kantuzek ere kalejira eginen du ostiralean, 19:30ean abiatuko dira, Kukuerreka elkartetik.

Aurretik, azaroaren 21ean, osteguna, Altsasuko Musika eta Dantza Eskolako ikasleen kontzertua izanen da, Iortia kultur gunean, 17:30ean, musikarien eguna ospatzeko. Sarrera librea izanen da.

Haize Berriak bandak larunbaterako utzi du musikarien egunaren ospakizuna. Bandak modu berezian ospatzen du: kide berrien herritara joaten dira eta kalejirak egiten dituzte. Altsasun amaitzen dute erronda. Hortaz, aurten 10:30ean Aizkorben izanen dira, 11:30ean Errotzen eta 13:00etan Altsasutik kalejira eginen dute, 14:00etan Foru plazan amaitzeko. 

Santa Zezilia egunean urtero ateratzen den beste musikari talde bat Erkudengo Ama Abesbatza da. Larunbatean izanen da, 20:00ak aldera, Iortia zabalgunetik, eta Zumalakarregi plazan, jubilatuen elkartean eta San Joan plazan emanalditxoak eman ondoren, Foru plazan amaituko dute kontzertu txiki bat ematen.