Gure Eskuk 'Bagara' ikus-entzunezko maratoia antolatu du

Guaixe 2024ko aza. 15a, 18:55

Gure Eskuko kideak 'Bagara' ikus-entzunezko maratoiaren aurkezpena eginzutenekoa. UTZITAKOA

Maratoia Gure Eskuren Youtubeko kanalean edo Hamaika telebistan ikusteko aukera izanen da 10:00etatik aurrera. Emanaldia egiten den bitartean hiriburuetan ekitaldiak eginen dira, Iruñean, Antzerki Eskolan 18:00etan.

Herri Libre Bat dinamikaren barruan, Gure Eskuk "Euskal Herriko txoko guztiak elkarrekin irudikatzeko" Bagara ikus-entzunezko maratoia antolatu du larunbaterako. "Erabakitzeko eskubidearen eta herri nortasunaren aldeko bideoen bidez, emankizun, bideo kate erraldoia" osatu asmo dute. Bideo horietan eragileak, sindikatuak, norbanakoak eta herriak ageri dira, Euskal Herritik eta diasporatik jasotako bideoak dira. Gure Eskutik azaldu dutenez, "12 orduz gure herriaren lorpen eta berezitasunak irudikatzen arituko gara, gure lurraldeak elkarturik. Denon artean 360 graduko Euskal Herri bat irudikatzeko, gure herriaz harro egoteko". Azken finean, gogoratu dute "zazpi lurraldez osatutako herri bat" dela Euskal Herria, eta horregatik aukeratu dute Bagara izena bideo maratoirako 

Gure Eskutik azaldu dutenez, gaur egun "arriskuz eta aukeraz beteriko" aldia da. Eskuin muturraren gorakadari erreparatu diote, baita "burujabetzaren aurkako oldarraldiari" ere, baina erantsi dutenez, aldi berean, "aukeraz beteriko agertoki batean" dela Euskal Herria. Horregatik, "aurrerapausoak emateko ordua" dela uste dute, "subiranotasuna eta nazio aitortza erdigunean jarriz".

Horiek horrela, "herri gisa koxka bat gorago" egiteko, Gure Esku-k Herri Libre Bat kanpaina dauka martxan. "Anbizioz, elkarrekin Euskal Herria irudikatu eta batzeko ordua heldu da. Herri bat gara, nazioa, burujabe izateko borondatea duen herria, bere kultura, berezitasunak, burujabetza proiektuak eta handi egiten gaituzten milaka txikitasun dituena", gaineratu dute Gure Eskutik.