Gure Eskuk "herri oso bat aurrera egiten ikusi nahi du"

Guaixe 2024ko aza. 19a, 11:00

Manifestazioaren aurkezpenean hainbat deitzailek bat egin zuten. UTZITAKOA

Euskal Herri libre baten aldeko konpromisoa adieraztearekin batera, 'Herri libre bat, Euskal Herriak erabaki' lelopean heldu den urteko garagarrilaren 7an eginen den manifestazioan parte hartzeko deialdia egin du.

Gure Eskuk "nazio gisa dagozkigun eskubideak aldarrikatzeko, herri oso bat martxan irudikatzeko, eta herri gisa aurrera egiteko konpromisoa berresteko" manifestazioa deitu du Bilbon. Ehun pertsonak babestu dute deialdia, haietatik lau sakandarrak: Anabel Arraiza Artieda, Castillo Suarez Garcia, Hiart Leitza Razkin eta Pello Urzelai Agirre.

Deitzaileek adierazi dutenez, "euskal herritarroi dagokigu zehaztea gure autogobernu maila. Euskal herritarrok eskubidea daukagu gure erakunde politikoak, gure estatus politikoa zein autogobernu maila, eta gure lurraldeen arteko harremanak zuzenean, mugarik gabe eta libre erabakitzeko. Euskal herritarrok etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea daukagu".

Aitortu dutenez, "gure eskubideak behar bezala zaindu eta defendatzeko baliabideak eta tresnak falta zaizkigu, baita etorkizun parekideagoa, justuagoa, orekatuagoa eta jasangarriagoa eraikitzeko ere. Bada garaia gure erabakitzeko ahalmena handitu, sendotu eta blindatzeko". Gaineratu dutenez, "burujabetza espazioak irabazteko garaia da" ere. Azaldu dutenez, "egun estatus politikoaren eta lurralde antolaketaren inguruan irekita dauden eztabaida eta prozesu politikoek balio behar dute benetako herri libre bat eraikitzeko, gure buruaren jabe bilakatzeko". Horretarako, "bidea urratzen jarraitzeko" deia egin dute, "denok elkarrekin, batera eta gure indar guztiekin bultzatuz, azkarrago eta urrutiago iritsiko garelako". Ziurtatu dutenez, "lankidetzatik hobeto helduko diegu erronka partekatuei. Euskal Herri libre eta kohesionatu bat osatu behar dugu denon artean eta elkar lagunduz. Halaber, herri gobernantza berria antolatu behar dugu, lurralde guztietako indarrak batuz".