Futbola

Erregionalean, beste asteburu bikain bat

Guaixe 2024ko aza. 19a, 10:58

Etxarri Aranatzek Mendillorri hartu zuen mendean. ETXARRI ARANATZ K.E.

Altsasuk, Etxarri Aranatzek eta Lagun Arteak garaipena lortu zuten gizonezkoen erregional mailako bederatzigarren jardunaldian

Gizonezkoen erregional mailako bederatzigarren jardunaldiak 9 puntu gozo utzi ditu Sakanan.

Altsasu liderrak San Jorge izan zuen aurkari Sanduzelain. Sailkapeneko lehen bi taldeen arteko partida espero bezain borrokatua izan zen. Partida ongi hasi zen altsasuarrendako, Unai Calvok 9. minuturako markagailua mustu zuelako. San Jorgek ez zuen etsi eta 32. minutuan bana berdindu zuen, baina atzera ere Altsasuk aurreratzea lortu zuen, Asier Claverrek 1-2koa ezarri eta gero. Atsedenaldia baino lehen bina berdindu zuen San Jorgek eta partida zabal-zabalik utzi zuen. Bigarren zatian lehia biziak jarraitu zuen. Kasu honetan, San Jorge izan zen 3-2 aurreratu zena, baina liderrak lanean segi zuen eta 68. minutuan Unai Calvok hirunako berdinketaren gola sartu zuen eta 80. minutuan Javier Guisadok garaipenaren gola: 3-4. 

Etxarri Aranatzek Soto Lezkairun jokatu zuen Mendillorriren kontra. Partida polita jokatu zuten bi taldeek, baina Etxarri Aranatzek ez zion Mendillorriri aukerarik eman eta 0-3 gailendu zen, Jon Erdoziak, Aimar Lizarragak eta Xabat Goikoetxeak sartutako golei esker. Etxarri Aranatz izan zen nagusi, alde guztietara. 

Lagun Arteak Leitzan jokatu zuen, Aurrera taldearen kontra. Lehen zatia borrokatua izan zen, baina golik gabe despeditu zen. Bigarrenean, aldiz, 65. minutuan Borja Ganboak Lagun Artea aurreratu zuen. Aurrera berdintzen saiatu zen, eta Lagun Artea errenta handitzen, baina azkenean ez zen gol gehiagorik egon eta 0-1, Lakuntzako taldearen garaipenarekin despeditu zen partida. 

Hirurek, etxean
Gauzak horrela, Altsasuk jarraitzen du erregional mailako lider (27 puntu), San Jorge 5 puntura duela (22 puntu). Etxarri Aranatz hirugarren da (21 puntu) eta Lagun Artea zortzigarren (15 puntu). Hiru talde sakandarrek etxean jokatuko dute hamargarren jardunaldian, azaroaren 23an, larunbatarekin. 16:30ean Altsasuk sailkapenean laugarren den Berriozar hartuko du Dantzalekun, 15:45ean Etxarri Aranatzek sailkapenean hamahirugarren den Leitzako Aurrera San Donaton, eta 16:00etan Lagun Arteak sailkapenean hamaikagarren den Beti Onak B taldea Zelai Berrin.