Hondakinen Prebentzioaren Europako Astea ospatu zen azaroaren 16tik 24ra. Hori dela eta, Nafarroako Gobernuko Prebentziorako eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko Bulegoa eta Sakanako Mankomunitateko Hondakin Zerbitzuak hondakinak murriztea, berrerabiltzea eta birziklatzea sustatzeko ekimenak prestatu zituzten. Urtean zehar egiten duten lana azpimarratuko du asteak. Izan ere, "murrizketan, berrerabiltzean eta birziklatzean oinarritutako kontsumo eredu jasangarri baten inguruko hezkuntza gure planetak bizi duen ingurumen krisi globalari aurre egiteko estrategiarik indartsuenetako bat" dela azaldu zuen Oscar Chivite Cornago Lurralde Kohesiorako kontseilariak.
Chivitek, gainera, etxeetan sortutako hondakinak behar bezala tratatzeak dakartzan onurak azpimarratu zituen, "elementu aprobetxagarrien iturri baliotsuak izan daitezkeelako". Chivitek ondorioztatu zuenez, herritarrak "zirkulu ekonomiaren motorra izan daitezke, baina horretarako hondakinak behar bezala prestatu eta kudeatu behar dira".
Horretan laguntzeko, astean zehar, fruta dendetan sareak banatu zituzten, fruta eta barazkiak erosteko orduan plastikozko poltsen erabilera saihesteko. Horrekin batera, 900 elkarte gastronomiko, bajera edo txoko baino gehiagotan 90.000 ontzi konpostagarri banatzea nabarmendu zen, Onegia alferrik galtzeko lelopean, zaborretan bukatzen den janari kopurua murrizteko helburuarekin. Era berean, elkarteetan sortzen diren hondakinak behar bezala bereizteko behar diren materialak banatu zituen gobernuak.
Sakanako egitaraua
Azaroak 18
Arropa berrerabiltzeko tailerra Iñigo Aritza ikastolako ikasleekin.
Azaroak 19
Arropa apaindu edota konpontzeko brodatu tailerra helduendako.
Azaroak 20
Arropa berrerabiltzeko tailerra Iñigo Aritza ikastolako ikasleekin.
Azaroak 21
Bigarren Pintxo-pote jasangarria.
Azaroak 22
Arropa berrerabiltzeko tailerra eta paper birziklatua sortzeko tailerra Andra Mari ikastolako ikasleekin.