Saralegi eta Mitxelena, Euskadiko gazteen top-ean

Maider Betelu Ganboa 2024ko aza. 27a, 11:00

Oier Mitxelena, gorriz, eta Aitor Saralegi, beltzez, Arrietako finalean. UTZITAKOA

Aitor Saralegi irurtzundarrak Euskadiko Aizkolari Gazteen Txapelketa irabazi du, Oier Mitxelena altsasuarraren aurretik. Biek bikotea osatzen dute martxan dagoen Gazteen Mailako Binakako Urrezko Aizkolarien Txapelketan

Aizkolari gazte sakandarrak indartsu datoz. Azaroaren 10ean Euskadiko Aizkolari Gazteen Txapelketa jokatu zen Arrietan. Bederatzi aizkolari lehiatu ziren guztira, tartean bi sakandar, eta hain zuzen ere bi sakandar horiek izan ziren bi onenak. Aitor Saralegi Nagore 16 urteko aizkolari irurtzundarra izan zen txapelduna, (12:59), Oier Mitxelena Mazkiaran altsasuarraren aurretik (13:50). 

Herri kirolarien familiakoak
Herri kirolari handien semeak dira Aitor Saralegi eta Oier Mitxelena. Lehena, Mieltxo Saralegi harri jasotzaile leitzarraren (329 kilo jaso zituen) eta Edurne Nagore irurtzundarraren semea da, azken hau Txomin Nagore futbolari ohiaren eta Jorge Nagore pilotari ohien arreba. Gainera, Ruben eta Eneko Saralegi aizkolari leitzarren eta Iker Vicente aizkolari handiaren lehengusua da. Aitor Saralegik aizkora eta futbola partekatzen ditu, Liga Nazionaleko Beti Onak taldean jokatzen baitu. Bere aldetik, bigarrena Bixente Saralegi segalari handiaren eta Ainhoa Mazkiaran herri kirolariaren semea da, eta aizkoraz gain, segan ere ibili izan da. 

Urrezko Binakakoan, bikote
Aitor Saralegik eta Oier Mitxelenak, Euskadiko Aizkolari Gazteen Txapelketako txapeldun eta txapeldunorde izateaz gain, bikotea osatzen dute martxan dagoen Gazteen Mailako Binakako Urrezko Aizkolarien Txapelketan. Azaroaren 3an Leitzan jokatutako jardunaldian bigarrenak sailkatu ziren (9:09), Aritz Oiarbide etxarriarraren eta Julen Urrutiaren atzetik (9:05). Hirugarren Jon Erdozia eta Jon Zaldua II.a sailkatu ziren (10:24) eta laugarren Osinalde eta Aittola (10:38).