Sakanako Itaiak matxismoa "areagotzen" ari dela esateko hainbat datu eman ditu: aurten bost erailketa matxista izan dira eta saiakera berri bat Trintxerpen, sexu esplotazio sare ugari, hamaika sexu eraso hainbat txokotan, joan zen urtea ia 24 eraso eguneko… "Hori izaten ari da Euskal Herriko errealitatea azken hilabeteotan. Zifra horiek benetan kezkagarriak dira". Emakumezko antolamendu sozialistatik galdera egin dute: biolentzia eguneroko albiste den bitartean, nola liteke inoren buruan ez egotea eta geroz eta inpaktu sozial gutxiago edukitzea?"
Itaiako kideek eraso kopuruen hazkundeari erreparatzeaz aparte "ideia zein jarrera matxisten normalizazio eta hedapenari" ere begiratu diote. Azaldu dutenez, "ultraeskuinak testuingurua baliatzen ari da ezinegona kanalizatu eta euren mezu matxista eta erreakzionarioak hedatzeko. Erakundeetan Voxen moduko alderdien bidez adibide ugari entzun daitezke. Sare sozialetan eta kaleetan, bereziki, gazte sektorean, geroz eta gehiago dira matxismoaren existentzia ukatzen dutenak, indarkeria matxistaren kontrako legeek gizonezkoak posizio zapaldu batean uzten dituela esaten dutenak, edota salaketa faltsuen diskurtsoa zabaltzen eta biktimizazio posizio batean kokatzen direnak". Itaiakoen iritziz, "hori bera esaten dutenek erasoak erabiltzen dituzte diskurtso arrazistak elikatu eta etorkinen kontrako beldurra zabaltzeko. Fokuan jartzen dute etorkinen kriminalizazioa eta segurtasun faltaren ideia, alde batera utziz indarkeria matxistarekiko kezka. Horrela, indar polizialen eta politika autoritarioen indartze bat justifikatzen dute". Beste galdera bat egin dute: "nola babestuko gaitu poliziak haiek direnean erasotzen gaituztenak?" Nabarmendu dutenez, "Espainiar estatuan udako erailketa matxisten %15a poliziek burutu dituzte, eta datua larria bezain esanguratsua da, kontuan izanda polizia gizartearen %0,3a besterik ez dela".
Nabarmendu dutenez, "argi izan behar dugu indarkeria matxistaren ukazioak biolentzia bera justifikatzen duela. Beraz, emakume langileok pairatzen dugun egiturazko zapalkuntza betikotzen du, geure eskubide orokorretan atzerapauso handia eraginez". Itaiako kideen iritziz, "indarkeria matxista behin betiko bukatzeko ezin gara lege aldaketa hutsera mugatu. Agerian geratu da ezker instituzionalak funtsezkoak eta eraginkorrak diren aldaketak egiteko gaitasunik ez duela. Gizarte osora zabalduko den kontzientziazio lana egin behar dugu, ideia matxista zein faxistei aurre egingo dien indarra antolatuz". Azpimarratu dutenez, "matxismoari aurre egiteko modu bakarra, zapalkuntzarik gabeko gizarte antolaketa berri baten, sozialismoaren, eraikuntza da". Horregatik, azaroaren 25ean mobilizatzera deitu dute, baita urte osoan matxismoaren kontra borrokatzera ere.