Nafarroako Elikagai Bankuak jaki bilketa eginen du supermerkatu eta dendetan gaur eta bihar. Bankua irabazi asmorik gabeko fundazioa da eta Nafarroako behartsuenendako elikagaiak biltzen eta banatzen ditu, eta elikagaien alferrik galtzearen kontra borrokatzen du, bere jardueraren bidez eta sektore guztien gizarte sentsibilizazioaren bidez, bereziki gazteenen artean. Joan zen urtean 25.551 nafarri eman zien jaten, 9.037 familiari. Haiei, guztira, 3.640 tona jaki banatu zien.
Asteburuan jasotakoa Nafarroan premia dutenei eta Valentziako kaltetuei bidaliko die. Boluntario gisa lan egin nahi duenak bancoalimentosnavarra.org webgunearen bidez izena eman dezake. Jakiez aparte, bankuak diru ekarpenak onartzen ditu, dendetako kutxetan edo Bizumeko 00262 kodea erabiliz egin daiteke.