Tokikom Sariak 2024

'Matxismoa ari du', 2024ko azal onena

Guaixe 2024ko aza. 22a, 12:15

Alfredo Alvaro eta Iune Trecet TOKIKOM saria jasotzen, Jabier Arakama Euskarabideako zuzendariaren eskutik.

GUAIXE astekariaren martxoaren 8aren inguruko azalak TOKIKOM Sarietako azal onenaren saria irabazi du.

2024ko TOKIKOM Sarietako azal onenaren saria irabazi du Matxismoa ari du GUAIXE astekariaren martxoaren 8aren harira argitaratutako azala. Epaimahaiak "oso azal interesgarria" zela aipatu zuen, "Emakumeen Nazioarteko Egunari erreferentzia eginez, mezu garbia helarazten du". Irudi zehatzen eta sinboloen arteko konbinazio "ederra" egiten duela gaineratu zuen; "nahiz eta irudi sinplea izan, oso adierazgarria da".

Iune Trecet GUAIXEko maketatzaileak eta diseinatzaileak eta Alfredo Alvaro GUAIXEko erredaktore buruak jaso dute azal onenaren saria Artikan ospatzen ari den sari banaketan. "Denbora ilunak datoz eta eskaera bat egiten dizuegu, tokiko hedabideak izan daitezela ertzetan gaudenen aterki", adierazi du diseinatzaileak, baita elkarlana ezinbestekoa izanen dela ere aipatu du. Alvarok TOKIKOM guztiari zuzendutako mezua helarazi du: "Txikiak Handi gara".

Bestetik, eduki onenaren saria UZTARRIA GUKAk irabazi du, Gelditu dira inprentaren makinak lanarekin; ikus-entzunezko onena ANTXETA irratiak irabazi du, Uhin inklusiboak lanagatik. Eta Itziar Perez Esan Erran irratiko esatari altsasuarrak jaso du Nafarroa Saria, Ametza elkarteak irratiaren berri ematen duen dokumentalagatik jaso ere.